Klimari eta energiari buruzko Urola Erdiko plana
— 2024-10-23Klima-aldaketa gaur egun dugun arazo larrienetakoa eta erronka nagusienetakoa da. Gizakion jardueraren ondorioz atmosferara isurtzen ditugun Berotegi Efektuko Gasek sortzen dute planetaren etengabeko berotzea.
Eskualdeko garapen agentziak, erakunde publikoak izanik, ezinbesteko eragileak dira klima- aldaketaren aurrean. Beren jardunaren bidez Berotegi Efektuko Gasak murriztera bideratutako ekintzak abiatu ditzakete eta baita jada nabarmenak diren inpaktuen aurrean egokitzea ahalbidetuko duten jarduerak diseinatu ere, agentzien kide diren udalekin eta eskualdeko enpresekin elkarlanean.
Iraurgi Berritzen garapen agentzia kide den Urola Erdiko Energia Mahaiak klima-aldaketaren aurrean duen konpromisoa azaldu zuen 2022 urtean, 2015ean onartutako lehenengo Energia Plana berrikusi eta energia eta klimari buruzko plan berri bat egiteko beharra mahaigaineratuz. Horrela, 2022 urtearen amaieran abiatu zen Urola Erdiko Klimari eta Energiari buruzko Plana diseinatzeko prozesua.
Bide horretan, lehenik eta behin eskualdeko energiaren egoera aztertu zen, klima aldagaia ere barneratuz: eskualdeko sektoreek azken urteetan isuritako Berotegi Efektuko Gasen bilakaera ikertu ahal izan zen eta baita etorkizunean eskualdean izango diren klima-mehatxu garrantzitsuenak ere. Datu horiekin Urola Erdia eskualdearen egoeraren diagnostikoa idatzi ahal izan zen eta hori oinarri hartuta, ekintza-planaren lehen zirriborroa idatzi.
Planaren azken bertsioa idazteko, ezinbestekoa da herritarren eta eskualdeko sektore ezberdinen iritzia eta ekarpenak jasotzea. Horregatik, online galdetegi bat diseinatu da eta herritarrentzat nahiz bestelako eragileen eskura jarri da Iraurgi Berritzenen, eskualdeko Udalen web guneetan nahiz zuzenean ondorengo esteketan:
- Industria sektorea: https://forms.gle/8ZbQgiKuWYNaUTSr6
- Zerbitzuen sektorea: https://forms.gle/6ifBrTGfdgNNo4Yo7
- Herritarrak eta elkarteak: https://forms.gle/bLZEuYwCNuCJiGzZ8
Energia-mahaitik herritarrak gonbidatu nahi dira online galdetegia betetzera eta prozesuan parte hartzera, zenbat eta iritzi eta ekarpen gehiago jaso orduan eta osatuago eta egokiago izango baita Klima eta Energiari buruzko Plana.
Egin zaitez bazkide