Albisteak

Zestoa, Azpeiti eta Azkoitiko merkatari elkarteek 200 erosketa karro banatuko dituzte bezeroen artean

Zestoa, Azpeitia eta Azkoitiko merkatariek 200 erosketa karro banatuko dituzte bezeroen artean. Osasun-larrialdiak eragindako hilabete gorabeheratsuen osteak, eskualdeko herrietan erosketak egiten dituzten bezeroei eskertza egin nahi zaie. Hiru udalerritako 200 saltokik zozketatuko dituzte karroak, Zuretzat opari lelopean. Zestoan, merkatari elkartea osatzen duten 17 dendek karro bana banatuko dute.

Astelehenean jarriko da kanpaina martxan eta ekainaren 29a bitartean, merkatari elkarteko establezimenduetan erosketak egiten dituztenek izango dute zozketan parte hartzeko aukera. Bezeroek txartelak beteko dituzte eta ekainaren 30ean egingo dira zozketak.

Erosketa karroek Urolako trenaren irudia dute serigrafiatuta, hiru herrien arteko lotura irudikatuz. Merkatari elkarteek azaldu dute erosketa karroa herrian erosten jarraitzea ahalbidetzen duen tresna dela; erosotasun, gertutasun eta jasangarritasun baloreak biltzen dituena, “horrela, herrian erosten dutenei bide beretik jarraitzea erraztu nahi zaie” esan dute dute.

Merkataritza Mahaia

Zestoako, Azpeitiko eta Azkoitiko Udalek, Merkatari Elkarteek, Iraurgi Berritzen Garapen Agentziak eta Dendartean Gipuzkoako Merkataritza Bilkurak, Urola Erdiko Merkataritza Mahaia bezala ezagutzen den lan-taldea osatzen dute. Talde honen helburua, eskualde ikuspegitik merkataritza sustatzea da, herri ezberdinetako merkatarien arteko loturak estutuz eta elkarren eskutik, erronka ezberdinei aurre eginez. Azken urteetan, besteak beste, merkataritza establezimenduen eskualdaketa edo kontsumitzaileen sentsibilizazioa bezalako gaiak jorratu ditu lan-taldeak.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide