Albisteak

Zestoako emakumeak izango dira protagonistak datozen bi larunbatetan egingo diren bisita-solasaldietan

Udalak antolatuta, datozen bi larunbatetan (urriak 20 eta 27), “Emakume guneak Zestoan” bisita-solasaldiak egingo dira Zestoako ondarea ezagutzeko helburuarekin. Ondarearen Europako Jardunaldien baitan dagoen ekimena da eta aurtengo gaia “Ondarea, Emakumeen Emaria” da.

Bisita-solasaldien xedea, emakumea protagonista izan den hainbat lekutatik ibilbidetxoa egitea da, emakumeak Zestoaren historian izan duen papera ezagutuz. Amaiur Aristi eta Nerea Odriozola herritarrak arduratuko dira saioak gidatzeaz.

Historia orokorrean begiratzen denean emakumeak ezkutuan geratzen direla azaldu dute Aristik eta Odriozolak eta eurei garrantzitsua iruditzen zaiela emakumeengan zentratzea, horrela, ezezaguna den istorio bat azaleratzen baita. Bisitan, herriko hainbat emakume konkreturi aipamena egingo dietela esan dute, Azorinek, Pio Barojak eta Sezmirak euren liburuetan aipatzen dituzten emakumeei esaterako. “Hauek aipatuta, bisitan parte hartzen dutenak bultzatu nahi ditugu beste emakume batzuei buruzko pasarteak guztiokin elkarbanatzera” adierazi dute.

“Zestoako hainbat txoko eta leku aitzakiatzat hartuta, herriko emakumeen lanari aitorpena egin nahi diogu. Ibilbidearen helburua, emakumeen ezkutuko lan hori azaleratzea da, guk giltzarri batzuk proposatuko ditugu, gero bisitan parte hartzen dutenek gaiari buruz hausnar dezaten. Bertaratutako guztien artean gaiari buruzko ahalik eta argazkirik zabalena osatzea nahi dugu” azaldu dute Aristik eta Odriozolak.

Ibilbidea Foru plazan abiatuko da goizeko 11:00etan eta Pio Baroja plaza, Kaleokerra, Laranjadi plaza, Portaleko ataria, Alonderoko aldapa, Lauiturrietako garbitokia eta inguruak bisitatuko dira.

Bisita gehiago

Datorren larunbatean, “Lilitarren Ohorea” antzerki-esperientziaz gozatzeko aukera izango da bi txandatan. Lehena arratsaldeko 16:30ean hasiko da, bigarrena aldiz, 17:30ean. Bisitan parte hartu nahi dutenek adierazitako orduan Ekainberriko bulegora jo beharko dute. Ekainberri-Arazik Danbolinbolinzulo haitzulora irteera antolatu dute baina dagoeneko toki denak bete dira.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide