ZESTOARROI 542000 EUROKO MURRIZKETA

Gipuzkoako Foru Ogasunak 2020rako udalei diru ekarpena %20an kentzeak, Zestoako Udalari 542000 euroko murrizketa suposatuko dio. Udalak herritarrengandik gertuen dauden erakundeak izanik benetan erabaki larritzat jotzen dugu GFAk hartu duena. Are gehiago, udal finantzaketan sekulako eragina izango duen erabakia alde bakarrez, inolako negoziaketa edo adostasunik gabe hartu duela kontutan hartuta.

Beste udal batzuek bezala, Zestoako Udalak ere, 2020 urteko aurrekontuetan aldaketak eginda herriko komertzio txiki eta ostalarientzat 50000 euroko diru laguntza lerro bat ireki du, besteak beste gure gainetik dauden erakundeen diru laguntzak eskuratzeko herritarrek izan dituzten zailtasunak kontutan hartuta.

Osasun krisiari aurre egin ahal izateko Zestoako udalak esfortzu handia egin behar izan du, diru laguntzaz gain, udal baliabideak herritarren segurtasuna zaintzera bideratu dira, eremu publikoaren desinfekzio lanak eta abarrak eginaz. Herritarrengandik gertuena dagoen erakundea da udala, herritarrekin harreman zuzenena duen erakunde publikoa, eta gure ustez bizi dugun krisiari aurre egiteko udalei dirua kendu ordez, udal aurrekontuak diruz lagundu beharko lirateke.

Ez da da onargarria Abiadura Handiko Trena, Donostiako Metroa eta beste hainbat obra erraldoirentzako aurrekontu publikoak ukitu ere egin gabe, pertsonen ongizatean eta osasun segurtasunera bideratutako ondasunak murriztea.

Gauzak horrela, Gipuzkoako 56 alkatek, 44 Ehbildukoak eta 12 herri elkarteetakoak, Gipuzkoako Foru Ogasunari ondorengo eskariak egin dizkiete:

1- Udalak dirua itzultzera behartzen dituen erabakia bertan behera utz dezala.

2- Udalentzat 2020rako aurreikusitako aurrekontua bere horretan utz dezala.

3- Zerga bilketaren ondorioz, foru funtsaren beherakada interesik gabe ordaintzeko hiru urteko epea indarrean jar dezala.

4- GFAk 20 milioiko diru laguntza udaletara bidera dezala, Covid 19ak sortutako krisiaren gainkostuak finantzatu eta herritarrei laguntza zuzena ematea erraztuz.

Dirudienez eta beste behin, zenbaitzuk krisi larri honen zama guztia sektorerik kaltetuenen gain utzi nahi dute eta antzeko neurriekin aurreko krisietan bezala lehendik ere ondasunik gehien pilatuta daukatenak aterako dira irabazten.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide