Albisteak

Zestoako Zaintza Sarea proiektua aurkeztu dute gaur udaletxean

Zestoako Zaintza Sarea proiektua aurkeztu dute gaur udaletxean. Herrigintzatik abiatutako proiektuak, udal gobernuaren babesa eta bultzada izan du. Horrela, egitasmoaren marka aurkeztu dute gaurkoan, aldi berean, hemendik aurrera etxe zestoar guztietara zabalduko den zaintzaren agenda bateratua ere eman dute ezagutzera.

Zestoako adinekoen mahaia sortu zen lehenik, baina prozesua fintzen joan ahala, zaintza adinekoen kontua bakarrik ez dela ohartuta, zaintzaren mahaia izendatzera pasa da. Gaur egun herriguneko eta auzoetako 18 eragilek parte hartzen dute bertan. Besteak beste, Udala, herriko bi egoitzak, Pentsiodunen elkartea eta 3Z elkartea, herriko Osakidetza zentroko ordezkariak eta herriko kirol zerbitzua. Zestoako osotasuna ere kontua hartu da eta auzoetara zabaldu da proiektua, bizirik dirauten 233 baserriak barne.  Alkatearen hitzetan, “Izana eta izena eskutiko doaz eta aurrerantzean Zestoa Zaintza Sarea izendatuko da”.

Mahai honen bueltan egiten diren ekintza guztiak eskuorri batean bilduko dira. Agenda izaera hatuko duen produktu komunikatiboa, hiru hilean behin banatuko da Zestoako etxe guztietan.

Joseba Illarramendi San Juan Egoitzako zuzendaria eta zaintza mahaiko koordinatzailea, Ane Lizaso, Zabalduz Kooperatibako koordinatzailea eta Mikel Arregi Urrutia, Zestoako alkatea, izan dira proiektuaren bilakaeraz mintzatu direnak.

Arregik, bere aldetik udal gobernuaren konpromisoa azpimarratu nahi izan du, izan ere, aurreko legealdian jada hasiak ziren zaintzaren inguruan lanean. Azken urteetan eredu globalizatuetarako joera zabaldu dela identifikatu zuten eta Zestoan erabakigunea herrian mantentzeari lehentasuna eman nahi izan diote. Eredu publiko-komunitarioa bultzatzea da asmoa eta orain arte hartutako erabakiez eta egindako ekintzez harro azaldu da alkatea.

Joseba Ilarramendik, herrigintzatik abiatutako proiektua dela goraipatu du, etorkizunean nola zainduak izan nahi dugu? galderatik landutako prozesua. Urratses-urrats baino etenik gabe garatzen joan den plan estrategikoa.  Zaintza, guztien ardura dela azaldu du eta Zestoako Zaintza Sarearen izaera komunitarioa gailendu du.

Prozesu honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako diru-laguntza bat tarteko, udalak Zabalduz kooperatibarekin bi urtetarako hitzarmena sinatu du.  Babesgabetasun eta zaurgarritasun egoeran dauden pertsonekin esku hartze soziala egitea da lan talde honen lan eremuetako bat eta prozesu honetan bidelagun izango dira datozen hilabeteetan. Bertako ordezkariak, Ane Lizasok, Zestoak ildo honetan ekintzak bazituela aitortu du, baina hauek elkartzeari garrantzia eman dio eta  fokua lanketa intergenerazionalean jartzeari garrantzia eman dio.

Kataluniarrak Zestoako eredua ezagutzen

Astelehenean (otsailak 19) Kataluniatik etorritako hainbat udal ordezkari eta gizarte zerbitzuetako langile izan ziren Zestoan. Hain zuzen ere, Alt Pirineu, Alt Urgell eta Cerdanyako udal ordezkari eta gizarte zerbitzuetako langileak izan ziren herrian. Bisitaren helburua, Zestoako zaintza proiektuaren nondik norakoak ezagutzea eta landa eremuetako zerbitzuak ezagutzea izan zen. Aurrerantzean, Zestoako Udalak Kataluniako Pirinioetako herriekin harremanak garatu nahi ditu, bi lekuetako esperientziak elkartrukatuaz, herritarrekiko zerbitzua aberastu eta hobetzeko helburuarekin.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide