Albisteak

“ZestOtatarra” kanpaina abiarazi dute, bertako produktuak eta herriko merkataritza sustatzeko

Zestoako Udalak, Urkomek eta Zestoako Merkatarien Elkarteak, Danbolinekin batera, ‘ZestOtarra’ kanpaina aurkeztu zuten atzo, urriak 7. Herritarrak erosketak herrian egitera eta gertuko produktuak kontsumitzera animatzea du helburu egitasmoak, baita hautu horiek herriko ekonomian eta ingurunean duten eraginaz sentsibilizatzea ere.

Aurkezpenean egitasmoaren sustatzaileen ordezkariak izan ziren: Aitor Ossa zinegotzia, Zestoako Udalaren izenean; Eli Egiguren, Urkomeko ordezkari gisa; Juanjo Allur, Zestoako Merkatarien Elkarteko bozeramailea; eta Oihane Goikoetxea, Danbolineko koordinatzailea. Haiekin batera, herriko hainbat merkatari eta ekoizle ere izan ziren.

Ekoizleak, merkatariak eta herritarrak kate berean

Egitasmoaren bidez, bertako ekoizleek, herriko merkatariek eta kontsumitzaileek osatzen duten katearen garrantzia azpimarratu nahi dute, herrian egindako erosketa bakoitzak bertako ekoizleen lana, herriko merkataritza eta, azken batean, tokiko ekonomia indartzen dituela nabarmenduz.

Hain zuzen ere, kate horretan eragile bakoitzak duen egitekoa azpimarratu zuen Aitor Ossak, Udalaren izenean. Ekoizleei landa zaintzea eta merkatariei herria zaintzea dagokien bezala, herritarrei ere haiek zaintzea dagokiela adierazi zuen. Eli Egiguren Urkomeko ordezkariak ekoizpenaren, merkaturatzearen eta kontsumoaren arteko loturan jarri zuen arreta: “Alperrik ekoitziko da non saldu ez bada, nork erosi ez bada”. Bertako produktuak kontsumitzea gertutasunaren eta jasangarritasunaren aldeko hautua dela nabarmendu zuen.

Juanjo Allur Zestoako Merkatarien Elkarteko bozeramaileak, berriz, ahal den neurrian bertako produktuak aukeratzeko eta erosketak herrian egiteko deia egin zuen. Bi mezu nagusi utzi zituen: batetik, bertakoa erostea, lehen aukera Zestoakoa izanik; bestela, eskualdekoa, eta, hori posible ez bada, Euskal Herrikoa. Bestetik, erosketak herrian egitearen garrantzia azpimarratu zuen, «asko dago jokoan» gogoraraziz.

Zestoakoa eta ingurukoa, herriko dendetan ikusgarri

Kanpainaren gidaritza Danbolinek egin du. Herriko ekoizle eta merkatariekin eta egitasmoaren hiru sustatzaileekin elkarlanean sortu dituzte kanpainaren kontzeptua eta irudia, baita hura zabaltzeko euskarriak ere.

‘ZestOtarra’ izena ‘zestoarra’ gentilizioaren eta ‘otarra’ hitzaren arteko hitz-jolasa da. Otarrak, hain zuzen ere, egitasmoaren hiru oinarriak lotzen ditu: ekoizleak, merkatariak eta kontsumitzaileak. Kontzeptu hori herriko saltokietara ere eraman dute. Zestoako, eskualdeko eta Euskal Herriko ekoizleen produktuak identifikatzeko, ‘ZestOtarra’ etiketak jarri dituzte dendetan. Horrela, kontsumitzaileek erraz ezagutu ahal izango dute produktu bakoitzaren jatorria.

Horrekin batera, eskuorri bat prestatu eta herriko etxe guztietara banatu dute. Bertan, herrian salmenta zuzena duten ekoizleak aurkeztu dituzte, baita haien produktuak herriko zein dendatan aurki daitezkeen azaldu ere. Gaur-gaurkoz, bost ekoizlek egin dute bat ZestOtarra egitasmoarekin: Atristainek, Motxa-eneak, Ekainek, Sakona etxaldeak eta Xarrondok.

Egitasmoa ezagutarazteko bideoa ere prestatu dute. Jarraian duzue ikusgai:




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide