Zurekin indartsuago gara, egin zaitez Portalekide!

Bi urte pasa dira Zestoan lagun-talde batek hazi bat erein zuenetik, noizbait fruituak emango zituen zuhaitz eder bat amets. Mimoz ureztatutako ale hartatik erne zen Portale Kultur Elkartea, eta lehen loraldian ireki zituen ateak, 2018ko abuztuan, Portale Kulturguneak.

Hazia piztea izan da hasieratik Portaleren helburua, Zestoari bizia ematea, zestoar guztion bilgune izango den txoko bat osatzea; euskaraz mintzo dena, anitza, parekidea, ingurugiroarekiko errespetuzkoa, kultura balioan jarriko duena. Indartsu hazten ari den zuhaitz horren magalean egin nahi dugu herriko talde, elkarte eta norbanako guztiok partekatzeko leku bat. Denona sentituko dugun estalpea. Hazten ari den arbola berriak bota ditu lehen kimuak, kultur elkartea hasia da eta herriko agenda hitzaldiz, musikaz, tailerrez, aurkezpenez eta ekitaldiz betetzen; baina askotan esaten dugun moduan, ez gara geldirik egoteko jaio eta hamaika ideia badugu buruan aurrera begira egiteko.

Gure zuhaitza gaur ikusten dugun bezala egotea ez litzateke posible izango, ordea, maitasunez, goxotasunez, mimoz zaintzen duten bazkiderik gabe. Beraien laguntzarik gabe ezingo genukeen proiektua aurrera atera, ezingo genituzkeen ekintzak antolatu. Portale bezalako proiektu batentzat ezinbestekoa da komunitatea, honek ematen duen indarra eta aniztasuna. Bakoitzak ereiten du bere aletxoa; denon artean osatzen dugu Portale. Eta sendotu nahi dugu komunitatea. Sendotu eta zabaldu, geroz eta gehiago izan, geroz eta indartsuagoa izango baita arbola; eta arbola indartsuak fruitu gehiago emango du.

Ekintza gehiago eta eskaintza zabalagoa=herri biziagoa.

Bazkide izateak hilean 10 euroko kuota suposatzen du, baina hartu bezala eman ere egin behar dela sinesten dugu. Gaur bazkide diren eta etorkizunean proiektura batuko diren guztiei esker-modura, opari eta hobari sistema bat jarriko dugu martxan: hilabetero Portalekideen artean hileko azken asteburuko menu berezirako bi lagunentzako otordu bat zozketatuko da, ordainduzko zenbait ekitalditan bazkide izateagatik beherapenak izango dira, Zestoako eta Euskal Herriko herri mugimenduak sortutako materialen edo ekitaldietarako sarreren zozketak izango ditugu… eta askoz gehiago!

Jar ezazu aletxoa. Erein dezagun denon artean herri bizi bat. Erein dezagun Zestoa!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide