Albisteak

[ZUTABEA] Ardoa

Ardoaren kultura oso errotua dago gurean. Asko dira kalean ohiko poteoan ardoa edaten duten txikiteroak; baxoerdiak edaten dituzten gizasemeak alegia. Dena den, desagertzeko zorian dagoen espezie bat bilakatu da. Badira, baita ere, ardoa kalimotxoan edaten dutenak edota gaseosarekin. Hala ere, tantarik edaten ez duenik ere bada!

Ardoa modan jarria ote dagoen susmoa dut. Ez bakarrik gure bizitzetan; zinean zein telesailetan ere askotan izan ohi du bere lekua. Edozein elkarrizketari zentzua emango balie bezala, antzezleen kopa bete ardoak dira bigarren mailako protagonista behartuak.

Badugu, ordea, jarrera ardo botila “onak” okasio berezietarako gordetzeko. Gertaera handiren bat iritsi arte adornu izatera kondenatzen dugu botilak.

Gabon hauetan, okasioak merezi zuelakoan, nire lagun batek duela 23 urte ekoiztutako botila ardoa edatea erabaki zuen. Orain zazpi urte oparitu zioten ardoa. Pozik zebilen bera, hain preziatua zirudien ardo hori dastatzeko unea iritsi zitzaiolako, edo azkenik botila zahar hori paretik kentzea lortu zuelako, ez dakit. Kontuak kontu, zabaltzeko keinua egin ahala, kortxoa erabat ustelduta zegoela ohartu zen, eta hori gutxi balitz, ardoa alferrik galduta zegoen. A ze disgustua!

Esan beharra daukat, ez naizela ni ardoetan adituena. Horretarako hobe Laiak-era hurbiltzea. Egia da, ordea, ardoak ere behar duela bere zaintza partikularra: ardo motaren arabera, gazteagoak edo zaharragoak; non gorde; hezetasuna, tenperatura, argia… Mundu bat da ardoena!

Kasu honetan, ordea, ez nire lagunak, ez nik, ez dugu berehala ahaztuko urte dezente dituzten ardoak zein mailatako disgustuak eman ahal dizkiguten. Lezioa ikasita. Ojo! Ardoak ere alferrik galtzen dira. Beraz, kontuz ibili inoiz heltzen ez diren une perfektu horien esperoan. Ardoaren kasuan ere, beranduegi izan daitekeela demostratuta geratu zait niri gabon hauetan.

Maria Uria




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide