Albisteak

[ZUTABEA] Behatz-dantza

Punta-puntako gure mugikorretan behatza gora eta behera astinduz gabiltza gelditu gabe. Egunean ordubete, bi, hiru, lau edo zortzi. Etengabe. Pentsa, izen bat ere jarri diote behatz-dantzari, ingelesez, noski: scroll. Dagoeneko entzun diot bati baino gehiagori euskarazko moldaketa (moldaketa-edo): scrolleatu.

Euskararen arnasguneetan airea kutsatzen ari omen da azken aldian eta ahots garbizale batzuk altxatzen hasiak dira behatz erakuslez azal ilunak seinalatzera. Euskararen erabileraren beheranzko joera ez dugu arrazoi bakarrarekin azaltzerik, seguru, baina dakidana da ni Zestoa baino herri erdaldunago batetik natorrela eta oroitzen dut gu ume ginela lortzen zela inguru erdalduneko haurrak, modu naturalean, euskaraz aritzea eta bizitzea. Esango nuke bazegoela eskolan, familian, komunitate oso baten euskararekiko konpromiso handia. Baina badakit, dena den, ez zegoela gaur egungo pantaila-festarik. Hizkuntza handietan atertzen ez duen edukiak uneoro tabletean, mugikorrean… ez zen horrelakorik. Eta gaur, erraldoien ondoan, erauntsiak aterkirik gabe harrapatu gaitu.

Behin blai eginda, salto egin dugu putzura, buruz, eta nabigatzen pasatzen dugu eguna. Scrolleatzen. Ustez kontrolatzen eta aukeratzen ditugun edukiak kontsumitzen, baina kontroletik kanpo. Algoritmoen menpe. Yonkie.

Hizkuntzaren erabilera aztertu eta euskarari eusteko indarrak non jarri, mahai gainean ipini beharko ditugu faktore-eragile posible bat baino gehiago; familia ez euskaldunen kopurua eta joera, kasu; eta aztertu beharko da nola lan egin arlo horretan. Baina ausartuko nintzateke esatera gako nagusietako bat pantailetan eta kontsumoan dagoela. Ume eta gaztetxoen hizkuntz ohiturek kezkatzen gaituzte eta bai, jar dezagun fokua berengan, baina ez dezagun tranparik egin eta helduon jarrerei zorrotz erreparatu diezaiegun. Hor ez gara hain eroso sentitzen, ezta? Gure kontsumo-ereduan scrolleatuta, pastela agerian geratzen baita: pantailak kontrolik gabe kontsumitzen ditugula eta ez dugula apenas ezer euskaraz ikus-entzuten.

Itsaso Zubiria




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide