Urria 2025
— 2025-11-06Irakurri 275. zenbakia hemen.

Beste behin, aspaldian hartutako ohitura errepikatu dut, nabigatzailean “kulturklik” idatzi, orrialdea arakatu eta gaur ere ez… Iritsiko ote da eguna?
Joxe Mari Agirretxe “Porrotx”ek podcast batean esandako esaldi bat ekarri nahi dut gogora: “ez dago kultur transmisiorik, kultur plangintzarik gabe.” Askotan sinetsi izan dugu kultura naturalki transmititzen dela, ia oharkabean, familiatik edo komunitatetik belaunaldi berrietara igaroz. Baina horrekin nahikoa al da? Nire ustez ez. Transmisioa ez da espontaneoa, lan kolektibo eta planifikatu baten emaitza baizik. Horretarako ordea, egiturak, estrategiak, denbora eta baliabideak behar ditugu.
Zestoako herritarrok, oro har, oso parte hartzaileak gara kultur ekitaldietan; ikusi besterik ez dago Musika Bandako kontzertuak, Itxaropena dantza taldeko emanaldiak, Antzerki asteak, Txokoko pilota partidak, pasa berri den alardeak, etab. zenbat herritar biltzen dituen. Gogotsu gaude artisten lanak ikusteko, baina tamalez, askotan, inguruko herrietara joan behar izaten dugu. Zenbaitetan, herrian dauden kultur ekintza gutxiak, egun eta ordu berean ere jarri izan dira. Hau ekiditeko asmoz, kultur plangintza bat izatea aproposa dela deritzot, hitzordu guztietara iritsi eta gozatu ahal izateko.
Honez gain, herrian ekitaldiez gozatzeko espazio bat behar dugula iruditzen zait, baliabide ezak, emanaldi bat guztiz aldatzen baitu. Adibide bezala jarri nahiko nituzke Musika bandako Santa Zezili eta urteurren kontzertua eta Txistulari alardea. Eguraldi txarra medio, kontzertuei beste leku bat bilatu behar izan zitzaien, akustikoki galera izan zuten eta prestatuko lana %100ean ezin izan zen disfrutatu; ikusleak ez ezik, musikariak ere zapore gazi-gozoarekin geldituz.
Kultura ez da gastu bat, inbertsioa baizik, herriaren nortasunean eta komunitatearen kohesioan inbertitzen baitu. Iritsiko al da Zestoan kultur areto duin eta kultur programazio bat izango dugun eguna? Bitartean, eguneroko ohiturarekin jarraituko dut, eguna noiz iritsiko.
Aiala Etxabe Merino