Paperekoa
[ZUTABEA] Kontuz!
— 2025-06-26Medellin, 2025eko maiatzaren 14a
Irakurle maite:
Kolonbiatik idazten dizut, munduaren beste aldetik Zestoaraino. Kolonbian nago, Medellin hirian, Antioquiako departamentuan. Medallon nago, Pablo Escobarren hirian, narkotrafikoaren hiriburuan, 1980 eta 1990eko hamarkadetan munduko hiririk arriskutsuena izendatu zuten tokian. Hiri odoltsua antza denez, mendiko infernua eta beldurraren hiriburua. Beraz, kontuz! Kontuz ibili aurreiritziak besterik jasotzen ez dituen hirian.
Izan ere, aurreiritzien zaparradak gainera erortzen hasi zitzaizkidan Medellinera etorri nahi nuela esan orduko, eta, nola ez, barrena blaitu zidaten. Nire ilusioa eta motibazioa ez ziren zapuztu, baina ezkutatuak nituen beldurrak azaleratzen hasi ziren aholku haiei esker. Nire segurtasunak kezkatzen ninduen; emakume gazte bat naiz Kolonbian, kultura matxista eta emakumeenganako bortizkeria eguneroko ogia den herrialdean (Euskal Herriko errealitatea ez balitz bezala). Beraz, kontuz mesedez. Nire aurpegi zuri inuzenteak salatzen du ustez haragi freskoa naizela atrakatzaileentzat, harrapakin mundiala kaleko ehiztarientzat. Arren, kontuz!
Hiri arriskutsua izan zen Medellin, eta arriskuak izaten jarraitzen du; hori ezin daiteke ukatu. Baina erresilientzia izan duen hiria da, eta gaur egun beste egoera bat bizi duela esan daiteke. Orain, betiereko udaberriaren hiria da, loreen hiria. Paisen hiriburua da, identitate eta kultura indartsua duen jendearena, jende adeitsuarena eta goxoarena. Eraldaketaren hiria da, hainbeste jenderen kemenetik birsortu dena.
Agian arriskurik handienak norberak sortzen dituenak dira. Beharbada, geure buruari ipintzen dizkiogun muga ikusezinekin ibili beharko genuke kontuz. Kontuz ibili, baina eraikitzen ditugun aurreiritziekin eta epaiketekin, besteei sinestarazten diegunarekin eta sinesten dugunarekin.
Hobe genuke Medallotik abiatuta ikasiko bagenu; errespetu gehiago loratuko litzateke, akaso. Ez al duzu uste?
Laster itzuliko naiz, herriminaren zauriak sentitu aurretik.
Besarkada bat,
Aizpea.
P.D: Kalean bakarrik ibiltzen naiz, matxismoaren zeharkako begiradak saihesten. Euskal Herrian bezala: lasai, baina kontuz.
Egin zaitez bazkide