Albisteak

[ZUTABEA] Nerea Mendizabal: Bizitza eta heriotza

Nire bizitzako urte gehienak etxebizitza berean daramatzat, pisu bat gorabehera. Halere, azken egunetan ohartu naiz etxeko bistek bizitza eta heriotza inspiratzen didaten bi leku esanguratsuetara naramatela: sukaldeko eta egongelako leihoak hilerrira begira dauzkat eta logelakoak, haur-parkera. Horixe da, hain zuzen, azken urteetan barneratu nahian nabilen zerbait: bizitza eta heriotzaren arteko lotura.

Horixe, azken urtean munduan astindu gaituen gaia. Jaiotzak gustuko ditugu, onartu eta ospatu egiten ditugu, baina heriotza ez dugu gustuko, eta, sarri, bizkarra emanez gabiltza. Batetik, gogorra zaigu maite ditugun pertsonak gehiago ezin ikustea, eta bestetik hil ondorengoak sortzen digun ziurgabetasunak izua eragin dezake gugan. Ez dut gogoratzen beste bizitzarik izan dudan, noizbait hil ote naizen. Baina dena esaten hasita, ez dut gogoratzen nire jaiotzarik ere, eta badirudi benetakoa izan zela. Beraz, ezin fidatu nire kontzientziaz edo oroimenaz.

Horrek guztiak, orain dela denbora bat ezagutu nuen idatzi batera narama: sabelean dauden bikiek, jaio ondoren izango denaren inguruan duten elkarrizketa batera. Batek, erditze ondoren bizitza bat izango zela sinesten zuen, bestelako bizitza bat, sabelean baino argi gehiagorekin, ordura arte baino gauza gehiago egiteko aukerarekin. Ziur dago amarekin elkartuko direla eta hark zainduko dituela.

Bestearentzat, berriz, ez zuen zentzurik erditze ondoren bizitza bat izateak. Haiengana inor itzuli ez zela eta, erditzea gauza guztien amaiera izango zela uste zuen. Ez zuen ama ikusten, eta hura existitzea pentsatze hutsa barregarria iruditzen zitzaion. Horregatik, ama non zegoen galdetzen zion bikiari eta besteak, baita erantzun ere: Gure inguruan dago. Hark jasotzen gaitu. Harenak gara gu. Harengan bizi gara. Hura gabe, mundu hau ez litzateke existituko. Isilik zaudenean, kontzentratzen bazara eta benetan entzuten baduzu, haren presentzia hauteman eta haren maitasun-ahotsa entzun ahal izango duzu.

Bizitzaren eta heriotzaren aurrean, bi horietako nork ordezkatzen zaitu?

Nerea Mendizabal




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide