Albisteak

[ZUTABEA] Pantailaren erabilerak kezkatzen gaitu

Haur, gazte eta nerabeek gero eta gehiago erabiltzen dituzte pantailak. Ordenagailuak, tabletak zein mugikorrak gaztetxoen egunerokoaren parte bilakatu dira. Azken urteotan nabarmen egin du erabilerak gora txikien artean.

Nire esparruan esaterako, hots, hezkuntza arloan, handitzen ari da kezka. Zenbat eta gazteago, orduan eta kaltegarriagoa da pantailen erabilera gelan, umeen garapen leihoak ez direlako egoki aprobetxatzen. Gaitasunak garatzeko hiru alderdi landu behar dira: fisikoa, mentala eta emozionala. Idazmena eta irakurmena indartzeko, keinu fisikoa (eskuz idaztea) ezinbestekoa da: horregatik, komenigarria izango litzateke gure umeen eskoletan eskuz idaztea, ahalik eta gehien.

Horretaz gain, Optometriaren Erakundeak dioenez, pantaila batean irakurtzeak baliabide kognitibo gehiago eskatzen ditu paperean baino; horregatik, informazioa ulertzeko, barneratzeko eta asimilatzeko zailtasun gehiago daude pantaila erabiliz papera erabilita baino. Hezkuntzarako faktore kritikoa da hori. Lehen Hezkuntzan bilatzen dena da ikasleak hizkuntza bere alor guztietan menderatzea eta matematikako oinarrizko kontzeptuak bereganatzea, eta jakin badakigu pantailak ez direla euskarri egokienak alor horiek lantzeko. Ikerketek argi erakusten dute eskuz idazteak eta euskarria liburua izateak abantaila dezente gehiago duela pantailen aldean, zehazki, memorian, arretan, pentsamendu abstraktuan eta motibazioan. Plataforma digitalek ez dute bilatzen ikaslearen barne motibazioa sustatzea, baizik saritze bat, eta hori arriskutsua da. Adibidez, ekuazio bat ondo egiten baduzu, zure hiri birtualean baratze bat jar dezakezu.

Hizkuntza gaitasunetan eta irakurmenean (irakurtzen den hori ulertzeko gaitasunean) maila galtzen ari dira euskal ikasleak, azken urteetako Pisa eta Pirls azterketek erakutsi dutenez. Neurriak hartzeko garaia iritsi da; ikastetxeen eta instituzioen ardura da, baita gu guztion ardura ere.

Nerea Linazasoro




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide