Albisteak

Hezkuntza foroa egongo da asteartean Arroabean

Datorren asteartean, otsailak 18, Hezkuntza foroa egingo da Arroabean. Arratsaldeko 17:00 eta 19:00ak bitartean izango da eta elkargunean bilduko dira.

Foro hauek Oinherri Herri Hezitzaileak Sustatzeko Elkarteak dinamizatzen ditu eta herritar eta eragile ezberdinak elkartzen dira bertan. Azken Hezkuntza Foroa 2024ko azaroaren 12an egin zen, eta bertan, aurreko ikasturteko prozesutik abiatuta, hiru erronka nagusi lehenetsi eta funtzionamendu eredu bat adostu zuten. Erronka hauek honakoak izan ziren: herri-plana eta herri-identitatea sustatzea, aisialdia km0 indartzea eta eskola herrira zabaltzea.

Erronka hauek aurrera eramateko hiru lan-talde sortu ziren, eta datorren asteko foroan talde hauen jarraipena egitea aurreikusten da. Horrez gain, 2025eko erronkak identifikatzea ere izango da foroaren helburu nagusietako bat.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide