Albisteak

[ZUTABEA] Puskatzen zarenean

Naiara Expositok abenduko zenbakirako idatzitako iritzi artikulua:

“Inoiz pentsatuko ez zenuen bezala sentitzen zara: hautsita, indarrik gabe, tristurak jan zaitu, goserik gabe, loa ere galdu duzu… Indartsua izan zara beti, eta ez zenuen inoiz espero horrela sentitzera iritsiko zinenik, baina bai horrela sentitzen zara. Eguna joan eta eguna etorri, berdin-berdin. Ezertarako ilusiorik gabe. Ingurukoak laguntzen ahalegintzen dira: “lasai pasako da”, “denbora behar duzu”, “bihar hobeto esnatuko zara”…. Euren intentzio onenarekin behin eta berriz errepikatuko dizkizuten esaldiak dira, baina zuri ezer gutxi laguntzen dizu.

Horrela sentitzeko mila arrazoi izan ditzakezu: amestu eta borrokatu izan duzun lanpostu hura ez duzulako lortu; zure bizitzako maitasuna galdu duzulako; abortu bat izan duzulako; hain garrantzitsua zen pertsona hori dagoeneko ez dagoelako hemen; edo besterik gabe, zuk buruan zenuen egoera idealizatu hori espero zenuena ez beste dena izan delako…. Kolpe gogorrak benetan, bizitza markatzen duten horietakoak, gerrako zauri bat gehiago. Pertsona ezberdin adina arrazoi egon daitezke hautsita, puskatuta sentitzeko.

Zaila da inorekin barruak hustu eta hark zure sentimenduak ulertzea baina sarri, lortzen duzu, eta behar duzu, hustu, berriro betetzeko eta aurrera egiteko. Askotan gainera ezinezkoa zaigu bakarrik egitea, eta laguntza eskatu behar da; bai laguntza psikologikoaz ari naiz. Eta zenbat laguntzen duen, nahiz eta gaur egun ere zenbait ingurunetan estigmatizatuta jarraitzen duen psikologora joatea. Ez da lotsatzekoa, ez da ezer txarra. Justu kontrakoa, behar beharrezkoa.

Eta zu, irakurle maitea, goian deskribatu dudan egoera horretan aurkitzen bazara, laguntza eskatzera animatzen zaitut; denborak ia dena sendatzen du, eta laguntzen du etorkizunean berriro ere argia ikusten, itxaropena, ilusioa…

Ziur, hautsi aurretik zinen pertsona bera ez zarela berriro izango, baina beste ikuspegi bat izango duzu bizitzaz, ingurukoez… eta horrekin bizitzen ikasiko duzu, zoriontsu izaten berriro, eta detaile txikinez gozatzen, disfrutatzen.”

Naiara Exposito Alberdi




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide