Albisteak

[ZUTABEA] Zenbatzeko joera obsesiboa

Egun eta ordu guztiek ez dute iraupen bera, pertsona eta lekuaren arabera aldatzen direla esango nuke. Esan nahi dut, inork jakinarazi ez izatera, ez nukeela jakingo 64 egun soilik daramatzadanik “Hendaiako Atxikitze Zentroan”, haiek deitzen dioten moduan, egunak hain zaizkit luze hemen barruan.

Ohartu naiz zenbatzeko joera orokortua daukazuela, guztia neurtu nahia. Eta jakina, nik ere badakit zenbatzen, ez naiz hain inozoa. Zenbatu nitzake ezer irentsi gabe daramatzadan egunak, uko egindako platerkada beroak, edo baita gose grebari ekin aurreko bataz bestekoari jarraituz, egun horietan edan izango nituzkeen ur basokada freskoak ere. Zenbatzen are errazagoa da, esku urdurietako orratzak ezpainetan egindako zulo kopurua, nahikoa da ispilura gerturatzea ezpain zaurituotan zuloak ikusteko.

Baina, esaterako, orratzaren punta hotzak haragia birrintzean sentitua ez nuke jakingo zenbateko mina izan den esaten, handia zela bai, mugagabea akaso, baina zenbat da hori, mila, hiru mila, ala gehiago? Hiru mila min? Ez dakit. Edo, besteenera joz, prefektu frantsesak zenbat arrazoi izan zitzakeen guk eskatutako bizileku baimenaren agiria ukatzeko? Bat asko izan liteke? Esan nahi dut, garrantzitsua, sakona ez dagoela zenbatzerik, eta arraroa iruditzen zaidala zuen guztia kontatu nahi hori.

Azken boladan galdera asko egiten dizkidate, ez dakit zenbat izango diren eguneko, baina asko, eta etsigarria gertatzen zait. Esan nahi dut, Tunisiatik irten ginenetik, ez niri eta ez nire familiari inork ez zigula galdera bakar bat ere egin, eta orain, aldiz, erantzun ezin dudanean, ea ongi nagoen galdetzen didatela behin eta berriz; aurpegiko zurbiltasunaren ondorio omen da.

Benetan arraroa, ordea, hegazkina erreserbatu zidatela entzutea izan zen. Esan nahi dut hona (ez) iristeko hainbeste harresi igaro ondoren, itzulera niretzat erreserbatutako hegazkin batean egitea… Gure behar eta zuen nahiek inoiz ez dutela bat egiten iruditzen zait. Esan nahi dut, nolabait esatearren, baserritarrek abereak nola, gu ere zenbakitzat hartu arren, gure bizitzek ez dutela lekurik zuen matematiketan.

Aitor Salegi




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide