Albisteak

Badator Herri Azoka!

Ekintzaz betetako egitaraua dakar 2016ko Herri Azokak. Egun nagusia maiatzaren 21a larunbata izango bada ere, astean zehar ere hainbat ekimen prest dira Herri Azokaren baitan.

Lehengo urtean plazan egin zen bigarren eskuko azokan oinarrituta atera da aurtengo plangintza. Baina urte honetakoa bigarren eskuko azoka baino zerbait gehiago da. Antolatzaileek adierazi dutenez “herriko eragile sozialentzat erakusleiho izango den azoka bat nahi dugu, eurak parte-hartzaile nagusi direlarik eta talde horien baloreak Herri Azokan isla daitezen. Elkartasunaz ari gara, eraldaketa sozialaz, feminismoaz, tokikoaz, bizitza duinez, aniztasunaz. Balore horiekin gerturatu nahi dugu herritar guztiongana eta oinarri horretatik hasi Guztion Zestoa eraikitzen”.

Egitarau zabala dago prestatuta, interes desberdinetako jendeak, adin desberdinetako herritarrek lekua izan dezaten Herri Azokan. “Baina ez dugu egun bateko egitarauan geratzerik nahi. Hau abiapuntua baino ez da. Pauso bat gehiago, baina ez azkena inondik inora. Aipatu ditugun balore horiez betetako Zestoarako bidean oinarri batzuk markatzen lagunduko digu agian Herri Azokak; hurrengo kolpean nora jo beharko litzakeen definitu ahal izango dugu, eztabaidatu herria nola ikusten dugun, nondik ekin behar diogun… Hartu-emanerako, tertuliarako, eztabaidarako guneak sortu nahi ditugu pauso horiez hitz egin eta aurrera begirako helburu batzuk markatzeko. Ideien Txokoa espazioak beteko du funtzio hau. Ideiak jaso, proposatu, hitz egin, eztabaidatu edo balorazioak egiteko gunea izango da eta egun osoan zehar irekita egongo da.

Zestoa herri txikia da, eta batzuk pentsatuko dute behar bada ez dagoela nahikoa indar horrelako egun bat antolatu eta etorkizunera begira ere beste pauso batzuk ematen joateko. Ez gaude ados. Zestoa herri aktiboa da eta izan da beti, eta herri txikia izateak ere gure alde jokatu dezake: gertu bizi dugu gure herria, eta txikian pausoak ematea askotan errazagoa izan ohi da.

Guk gure txikian ekin diogu eta ilusioz beteta gaude. Zatoz zu ere elkartasunaren azokara, azoka feministara, azoka anitzera, eraldaketaren azokara, azoka duinera, tokiko azokara. Gu bertan izango gara”.

Egitaraua:

Maiatzaren 18an, asteazkena 19:00etan islamofobiaren inguruko hitzaldia Hajar Samadi-rekin Kultur Etxean.

Maiatzaren 20an, ostirala 18:00-20:00 bitartean “Saltsa berdetan” lehiaketa haur eta gurasoentzat Laranjadi plazan.

Maiatzaren 21a, larunbata:

10:00etatik aurrera bigarren eskuko azoka, artisauen eta bertako produktuen eskaintza eta herriko eragileen azoka plazan.

11:00etan Gazteak eta etxebizitza mahai-ingurua eta eztabaida, inguruko herrietako esperientziak ezagutu eta Zestoan zer? Galderari erantzuteko.

12:00etan Herri Azokako esatariak entzungo dira postuen eta ekintzen antolatzaileen azalpenekin Ideien Txokoan.

13:00etan Batukada herriko kaleetan zehar.

17:00etan Ideien txokoan kafe-te-rtulia herrian eman nahi ditugun pausoez.

17:00etan haurren jolasak Laranjadi plazan (kamisetak margotu, txapak egin, munduko mapa osatu…).

19:30ean Batukada herriko kaleetan zehar.

20:30ean Luntxa Zestoan dauden herrialde desberdinetako jakiekin (Maroko, Pakistan, Sahara, Argentina eta Euskal Herria).

22:30ean Kontzertuak. Herriko hainbat musika taldek nahastuta bertsioak eskainiko dituzte.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide