Paperekoa

Ezkutuan gogor landua argitara dator – RODEO

Musika talde gazte bat aurrera pausoak emanez dabil Zestoan. Rodeo izena dute, Kyuss talde mitikoaren abesti ezagunenetako batek bezala. Rocka abiapuntu hartuta hainbat estilo nahasten ditu Mikel Illarramendik (gitarra eta ahotsa), Ortzi Alberdik (gitarra), Beñat Subinasek (baxua) eta Oroitz Urbietak (bateria) osatutako taldeak.

Kanpotik begiratuta norbaitek esan dezake Zestoan musika taldeak “bakarrik” sortzen direla, baina Rodeo taldea hazten ikusi dugunok argi eta garbi dugu taldekideek esfortzu handia egin dutela dauden tokiraino iristeko.

Noiz elkartu zineten?

Kalean elkar ikusten genuenean askotan esaten genuen elkarrekin zerbait egin behar genuela. Ezagunak ginen eta antzeko gustu musikalak genituen. Zestoako Gaztetxeak antolatzen duen bertsio gauean Kyuss taldearen 4 edo 5 abesti jotzeko elkartu ginen. Eta ohartu ginenerako kanta asko genituen prest.

Beraz, talde horren bertsioak eginez gaztetxean kontzertu bat ematea erabaki genuen, bertsio gauetik kanpo. 2015eko martxoaren 27an Azpeitiko Kaluse taldearekin kontzertua eman genuen.

Baina ez zen hor bukatu…

Ez noski! Oso ondo pasa genuen eta lagunek ere esaten ziguten ea ez al genuen geure abesti propiorik sortu behar, gainera beste kontzertu bat emateko aukera ere sortu zitzaigun. Ordutik hona ez gara gelditu.

Maketa ere atera zenuten…

2016ko otsailean maketa aurkeztu genuen. Manu Rodriguezekin grabatu genuen maketa eta ordura arte genituen kantuak grabatu eta pixka bat gure taldea ezagutzera emateko atera genuen. Kontzertu batzuk lortzea zen gure helburua, eta lortu genuen.

Zein talderen influentzia izan duzue zuen soinua lantzerakoan?

Kyuss taldearen bertsioak egiteko elkartu ginen eta talde bat esan behar badugu horixe da. Hala ere, gure kantuek ez dute hainbesteko antzik Kyuss taldearen abestiekin. Zaila egiten zaigu estilo zehatz batean kokatzea gure soinua, funtsean Rocka da baina hard-rock, psycodelia, stoner eta metal soinuak nahasten ditugu oinarri horretan. Karma To Burn, Truckfighters, Queens of thr Stone Age, Valley of the Sun, Brandt Bjork, eta Toundra bezalako taldeak oso gustukoak ditugu.

Kontaiguzue pixkat disko berriaren grabaketaz…

Urtarrilaren 2an hasi ginen disko berria grabatzen Eñaut Gaztañagarekin. Oso gustura egin dugu lana berarekin hilabete osoan zehar. Diskoaren masterizazioa Estanis Elorzak egin du eta jada diskoa amaituta daukagu. Ilusio handiarekin gaude, emaitza asko gustatu baitzaigu. Horretan zerikusi handia izan du Eñautek, guk prestatutako kantuak gehiago landu ditugu berarekin, produkzio lan bikaina egin du.

Zenbat abesti izango ditu disko berriak?

Abesti guztiak berriak izango dira disko berrian, guztira 10 abestik osatuko dute gure lehen lan luzea. Eman ditugun azken kontzertuetan errepertorioan sartu dugu bat edo beste, baina gainerakoak guztiz berriak izango dira entzuleentzat.

Gainera, hainbat lagunek kolaboratu dute gurekin disko honetan. Eñaut Gaztañagak (Grises), Joseba Illarramendik (LTT) eta Unai Eizagirrek (Voltaia) ahotsak egin dituzte kantu banatan, Mikel Ibargurenek kantu bateko letrak egin ditu, Jesus Perezek abesti baten gitarraren riffak sortu dizkigu eta Adrian Larrañagak perkusioa gehitu dio kantu bati.

Lan asko egin duzuela ematen du…

Azken hilabeteetan lan asko egin dugu, bai. Lokalean ordu asko egin ditugu diskoa prestatzen, kantu berriak egiten, letrak idazten… Gainera diskoa prestatzen ari ginela kontzertu batzuk ere izan ditugu, eta horrek momentu batzuetan prestaketa aldatzea ekartzen du. Horretaz gain, bideoklipa ere kaleratu dugu, kamisetak ere bai… eta taldekideon denbora librea bat etortzea zaila izaten da kasu askotan.

Zer moduz moldatu zarete kontzertuak lortzerakoan?

Ez da oso erraza izan kontzertuak lortzea. Zestoan eta alboko herrietan kontaktuak ditugu eta horri esker lortu ditugu kontzertu batzuk. Baina inork ezagutzen ez gaituen tokietan kontzertuak lortzea ez da batere erraza.

Zenbatean behin elkartzen zarete lokalean?

Astero bi entsegu egiten ditugu. Afal ondoren elkartzen gara normalean, eta saio bakoitza 2 edo 3 ordutakoa izaten da. Argi eta garbi ikusi dugu zenbat eta lan gehiago egin, orduan eta maila hobea ematen dugula zuzenekoetan. Konstantzia bat izatea beharrezkoa da, kanpotik ikusten ez den lan asko egin beharra dago taula gainean maila emateko.

Ba al duzue irakurleentzako mezurik?

Gu baino gazteagoak direnak animatu nahi ditugu musika munduan sartzera. Gure atzetik oraingoz ez dago talderik herrian. Zestoan talde berriak sortzea gustatuko litzaiguke.

DISKOAREN AURKEZPENA: MARTXOAK 3 ZESTOAKO GAZTEATXEAN + AIOLILIPUT




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide