Paperekoa

TXALAPARTAREN SOINUA MUGAK GAINDITZEN

Badira urte batzuk Berriketan taldea kontzertuak ematen dabilela. Flamenkoa eta txalaparta batzen ditu proiektu horrek, eta zuzeneko ikusgarriak eskaintzen dituzte Berriketan taldeko kideek. Mikel Aveiro eta Adrian Larrañaga zestoar musikariek jartzen diote flamenkoari txalapartaren erritmoa. Zestoarrez gain, Aitor Escobar (gitarra), Angel Lopez del Toro (ahotsa), Jose Gil (perkusioa) eta Askoa Etxebarrieta La Pulga (dantzaria) dira taldeko partaide.

Toki askotan eman dituzte kontzertuak, duela gutxi Poloniako Bialystok hirian izan dira ikastaro bat eta zuzeneko bat eskaintzen.

Poloniatik itzuli eta egun batzuetara egin dugu hitzordua Adrian Larrañagarekin. “Espainiar estatuko hainbat tokitako publizitatea egiteko festibal moduko bat antolatu zuten Poloniako Bialystok hirian; horrela, hango ekitaldietan parte hartu genuen, ikastaro pare bat eta kontzertu bat ematera joan ginen” azaldu digu Larrañagak.

Poloniara joateko aukera ez da kasualitatez etorri. “Askoa duela bi urte ere han izan zen ikastaroa eta kontzertua ematen, baina orduan bakarka egin zituen lan guztiak, hango musikariek lagunduta. Berriketan taldearen proiektua aurkeztu zien orduan poloniarrei, eta bi urte geroago talde guztia joan gara hara”.

Apirilaren 21etik 23ra joan ziren Poloniara, ostiralez iritsi eta larunbat goizean ikastaroak eman zituzten. Arratsaldean kontzertua eman eta hurrengo egunean itzuli ziren. “Oso asteburu intentsua izan zen, lan asko izan genuen; horregatik, ez genuen gainerako ekitaldiak ikusteko aukera handirik izan”.

Hara joan aurretik, poloniarrak Zestoara etorri ziren. “Gurekin bideoklip moduko bat grabatzera etorri ziren hona, eta Euskal Herriko hainbat tokitan izan ginen haiekin grabatzen” azaldu du Larrañagak. “Txalapartarekin txundituta gelditu ziren poloniarrak eta hainbat galdera egin zizkidaten gure instrumentuaren inguruan. Euskal Herriko txalapartagile baten kontaktua eskatu zidaten, eta agian harekin erreportaje bat egingo zutela esan zidaten”.

Serendipia diskoa atera berri dute Berriketan taldekoek.

“2016ko udara amaieran grabatu genuen disko berria Garate Estudioan, Andoainen. Eñaut Gaztañagaren Zestoako estudioan ere grabatu ditugu soinu batzuk, Jagoba Astiazaranen txistua adibidez. Instrumentu bakoitza bakarka grabatu beharrean, denok batera grabatu dugu. Diskoak entseguetako edo zuzeneko antzekotasunak edukitzea nahi genuen. Diskoan nabaritzen da horrela grabatu genuela”.

Diskoan Mikel Laboari eskainitako omenalditxo bat ere badago: Haize Hegoa kantuaren bertsio bat. Gainera, Laboaren bertsioan Jagoba Astiazaran zestoarrak txistuz lagundu die taldekideei.

Diskoa erosi nahi duenak Berriketan taldearen kontzertuetan aurkituko du. Horrez gain, Zestoako Potxolo dendan eta Koiote eta Mollergi tabernetan ere salgai dago.