Albisteak
‘Zestoa Lagunkoia’ proiektua aurkeztu zaie herritarrei
— 2016-11-17Asteazken arratsaldean Udaleko areto nagusian ‘Zestoa Lagunkoia’ proiektuaren aurkezpena izan zen. Zestoa Lagunkoia Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak sustatu eta Matia Fundazioak abiarazitako ekimena da eta bere helburua adinekoek eta, oro har, herritarrek herria hobetzen parte har dezatela bultzatzea da, zahartu ahala nork bere bizimodua izaten jarraitu ahal izateko.
Udaleko areto nagusian elkartutako herritarrek faltan botatzen dituzten gauzak mahai gainean jarri zituzten. Hala ere, lehen bilera bakarrik izan zen, abiapuntu bat, eta abenduaren 15ean 18:00etan Udaleko areto nagusian berriz elkartuko dira Zestoa lagunkoiago bat lortzeko helburuarekin. Bilera irekia izango da hori ere, eta adineko herritarrei bertan parte hartzeko deia egin diete. Aurrerago bilera gehiago ere izango dira. Bilera horiek ordu bat iraungo dute, eta Matia Fundazioko kideek dinamizatuko dituzte.
Honako hauek dira ‘Zestoa Lagunkoia’ ekimenaren helburuak:
- Adineko pertsonek herriko bizitzan ongizate-sortzaile gisa eskaintzeko dutena baliatzea.
- Herritarren parte-hartze prozesuak sortzea eta bultzatzea.
- Ekimen lagunkoien sare bat sortzea Euskadin.
Aurrez aipatu moduan, hurrengo bilera abenduaren 15ean izango da, 18:00etatik 19:00etara Udaleko areto nagusian.
Egin zaitez bazkide