164. Mikeleteak

Gaur, Gipuzkoako mikeleteei buruzko liburu bat izango dut hizketagai aztarka honetan. Segurtasun indarrek aspalditik –mende bat baino gehiago bai– izan dute bere lekua gure herrian. Edadean pixka bat sartuta gaudenok ondo asko gogoratzen dugu nola zegoen Guardia Zibilaren cuartelillo-a postetxean, 70eko hamarkada inguruan, eta zer nolako arazoak eragiten zituzten bere armekin, alkohola zela tarteko.

Gure aztarka honetan, ordea, nahiz eta 70eko ibilerak zeresan franko emango luketen, mende hasierako gauzak aipatuko ditugu. XX. mende hasieran, baziren Guardia Zibilak Zestoan; Iraetan zeukaten postua eta Manuel Martin kaboaren agindupean zegoen. Mikeleteek, berriz, herrigunean zeukaten postua; Pio Oñate kaboa zen buru. Mikeleteak (wikipedia dixit), “praka-gorri” edo “txapel-gorri” ezizenez ere ezagunak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren menpeko polizia taldea zen. Lehendabiziko helburuak herri-bakea mantentzea eta gaizkileen jazarpena bazituzten ere, XIX. mendean zehar aldatuz joan ziren, eta gerora zergak ere jaso behar izan zituzten. Beste zeregin bat izaten zen, ikusiko dugun bezala, Diputazioaren eraikuntzak edo zerbitzuak zaintzea, gure kasuan Gipuzkoako Aurrezki Kutxa.

Zerga-bilketak aipatu dugunez, gogoratu dezagun, anekdota gisa, nola 1901ean Migel Bidaurreta mikeleteak ardoa egiten harrapatu zuen gure herriko apaiz Karlos Ubiria, horretarako baimenik eta zergarik ordaindu gabe. Elizak indarra eduki, ordea, eta berehala etorri zitzaion epaia. Kontuan hartuta, Ubiriak aitortu egin omen zuela lege-haustea; kontuan hartuta ardoa zegokion zergarik ordaindu gabe egitearen arrazoia ezjakintasuna izan omen zela; eta, azkenik, aitortza naturaltasun osoz egin zuela, bada zigorrik gabe utzi zuten gure apaiz jauna. Orduan ere, oraintxe bezala, jende handia nagusi.

Baina joan gaitezen behingoz harira. Duela pare bat hilabete Jorge Cabanellas ikerlariak Los últimos miqueletes de Guipuzcoa liburua argitaratu zuen. Gipuzkoak izan zituen azken foru-polizien bizitzari buruzko kontakizuna da. Liburuak beraien jarduerak ezagutzera ematen ditu eta, bide batez, Historiari errepaso ederra ematen dio: inbasioak, karlistaldiak, Espainiako Gerra Zibila eta mikelete ugariren erbestealdia… Artxiboetako informazio ugari darabil Cabanellasek, baita senitartekoek utzitako argazki franko ere eta, azkenik, mikelete haien ondorengo familiarrek kontatutakoa ere bai.

Liburuak orokorki aztertzen ditu mikeleteen gorabeherak, baina badu amaieran zerrenda oparo bat (Último listado del personal del Cuerpo de Miqueletes de Guipúzcoa a la extinción del cuerpo, junto con la suerte que corrieron con algunos exmiqueletes, tras sufrir la represión tanto de frentepopulistas descontrolados como de la posterior depuración franquista) eta hark aukera paregabea eskaintzen digu Zestoari buruzko xehetasun batzuk ezagutzeko.

Liburuaren arabera, lau mikeletek osatzen zuten Zestoako postua 1930eko hamarkadan. Bere kargu zegoen, besteak beste, Gipuzkoako Aurrezki Kutxaren bulegoa zaintzea. Arroak ere ba omen zuen postua, bi mikeleterekin, eta Zestoakoaren mende omen zegoen. Hona ekarri dugun argazkian (Lidia Arnedo Urangak liburuaren egileari utzitakoa) hiru mikelete ikusten ditugu gure herriko San Jose atean: ezkerretik eskuinera, Calixto Arcauz Larrañaga, Vicente Arana sarjentua eta Saturnino Uranga Eizagirre. Bakoitzaren biografia laburra ere egiten du argitalpenak:

Bizente Arana Uriarte (1887 – ) mikeleteen sarjentua zen. 1937ko ekainaren 19an, Bilbotik ateratzerakoan atxilotu zuten. Ondoren Gerra Kontseilu Iraunkorrean epaitu zuten, kargutik kendu zuten eta 1937ko abuztuaren 3an askatu zuten.

Calixto Arcauz Larrañaga (1895 – 1955) ere, 1937ko ekainaren 19an, Bilbotik ateratzerakoan atxilotu zuten baina liburuak ez du informazio gehiagorik ematen.

Saturnino Uranga Eizagirre (1896 – 1985) ere Zestoan zegoen gerra lehertzerakoan. Bere emaztea eta hiru alaba Habana transatlantikoan eraman zituzten Santurtziko portutik La Pallice-ra (Frantzia) eta Clemond-Ferrand-en jarri ziren bizitzen. Saturnino, berriz, 1937ko ekainaren 19an, Bilbotik ateratzerakoan atxilotu zuten bere koinatuarekin batera. 1976an, berriro onartu zuten Diputazioan eta berehala erretiroa hartu zuen.

Zestoakoa ez ezik, Gipuzkoa eta Bizkaiko mikelete talde osoa indargabetu eta erreprimitu zuten frankistek Errepublikaren aurkako altxamendua babestu ez zutelako. Izan ere, mikelete gehienak, beren agintarien aginduak obedituz, Bizkairako bidea hartu baitzuten eta gobernu errepublikanoaren alde jarri.

Franko hil eta gero, berriro jarri zen martxan mikeleteen taldea. Gaur egun, beraien funtzioak foru eraikinen zaintza eta, aldundiko ahaldun nagusi eta foru diputatuen bizkartzaintza dira. Lau mikelete daude gaur egun eta organikoki Ertzaintzako agenteak dira Gipuzkoako Foru Aldundira esleituak daudenak (wikipedia).

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide