Albisteak

[JARDUNIAN] Farah Salem: “Amak behin eta berriz kontatu dizkigu Martxa Berdearen nondik norakoak, eta behin gai horren inguruan liburua idatziko nuela agindu nion”

Hondarraren eta eguzkiaren artean, Saharako errefuxiatuen kanpamenduan jaio zen Farah Salem. Irrati esatari izan zen Tindufeko kanpamenduan eta gerra garaiko emakumeen testigantzak jaso zituen Saharako Irrati Nazionalean. Gaur egun, liburu bat idazten ari da, 1975eko martxa Berdean 13 urte zituen bere amaren bizipenetan oinarrituta.

Nondik sortu zaizu liburua idazteko beharra?
Amak behin eta berriz kontatu dizkigu berak 13 urte zituela bizi izan zuen Martxa Berdearen nondik norakoak, eta behin gai horren inguruan liburua idatziko nuela agindu nion, eta horretan nabil.
Txiki-txikia nintzenetik entzun izan diot nola 1975ean, lau anai-arrebak etxe atarian jolasean zebiltzala, eta bat-batean, ihesi eta beldurtuta zetorren jende uholde batek irentsi zituela eta ataritik urrundu. Ez omen zekiten nora zihoazen. Beldurrez betetako ihes bat bezala deskribatzen du amak; batetik bestera, bata bestearen atzetik, lau haur, gurasorik gabe. Aurrena herri batera, gero bestera… Halako batean bonba hotsak entzun omen zituzten eta horietako batek nire amak eskutik helduta zeraman anaia txikia hil zuen. Ihesi, bidean aurrera, lehengusu bat ere galdu zuen, eta zazpi urteko ahizpa oso-oso gaixo, larri egon bazen ere, onik nola atera zen kontatzen dut beste kapitulu batean. Ibilbideari buruz ere asko hitz egiten du amak; oinez herriz herri ibili ondoren, azkenean kamioietan hiru egunetan zehar eraman zituzten aurrez prest zeukaten errefuxiatuen Algeriako kanpamendura. Han, haimatan antolatu ziren denak eta hantxe bizi izan ziren hiru haurrak beste pertsona heldurik gabe.

Amaren etxe hartan inor gelditu zen?
Bai, nire amona. Burua galdu zuen. Pentsa, haurrak atarian daude jolasean eta bat-batean ez daude eta ez dituzu gehiago ikusiko. Amonak ez zuen bere alaben ahotsa zuzenean entzun hogei urte beranduagora arte, ordura arte kasetetan bakarrik. Nire amaren ahizpa zaharrena hogei bat urte beranduago itzuli egin zen Mendebaldeko Saharara bere amak laguntza behar zuelako. Ni 2011n izan nintzen Mendebaldeko Saharan. Ezagutu egin nahi nuen. Guk ez daukagu erraza bertan sartzen, baina nik kazetari karneta nuenez lortu nuen. Gau osoa bat eduki ninduten atxikita izebarekin kontaktuan jarri eta bere nire bila etorri zen arte. Oporraldi guztian, joaten nintzen tokira joaten nintzela, uneoro, kontrolatuta egon nintzen.

Bizimodu gogorra izan du zuen amak, beraz…
Gerora ezkondu egin zen. Nire aita militarra zen eta bederatzi hilabete nituenean hil zen gerran. Gero berriro ezkondu zen eta beste hiru haur izan zituen, baina amak bakarrik hazi gintuen, aitak alde egin zuen, eta beste batekin ezkondu. “Aita” hitzak ez du existitzen niretzat. Gogotik egin dut lan gure amak Espainian paperak ondo jarri eta joan-etorrian ibili ahal izateko.

Idazle lanez gain, jakin dugu irrati esatari ere izan zarela?
1998 urte ingurua edo izango zen. Dahlan, gure probintzian, Saharako Irrati Nazionala entzuten bazen ere, jendeak kate gehiago nahi zituen aukeran. Hala, Granadako elkarte batek irratia eta telebista jartzen lagundu zigun. Dahla barruan bakarrik ikusi eta entzuten zen. Etxeetan ez zegoen aparaturik. Irratia kaleetan zegoen megafoniatik entzuten zuten herritarrek. Nahi bazuten eta ez bazuten, beharko entzun.
Bost bat urte egin nituen lan irratian, 2000. urtean hasiko nintzen ni. Goizeko bederatzietan hasten nintzen lanean eta “Egun on Dahla” izeneko programa egiten genuen. Hasieran oso barregarria zen, bat-batean nire ahotsa mundu guztiak entzuten zuen; baratzeetan lanean ari ziren emakumeek, kaleak garbitzen zebiltzanek… Eguerdian albisteak izaten ziren. Normalean Dahlako kontuak lantzen genituen. Irratia kuartelean zegoen eta haiek emandako oharrak izaten ziren askotan: baratzetako txandak, larrialdiren bat edo beste… Herri bakoitzeko alkateak ere elkarrizketatzen genituen eta pil-pileko gaiak baldin bazeuden, horien inguruko herritarrak ere deitzen genituen elkarrizketatzeko.

Aurrerago, Saharako Irrati Nazionalean ere egin nuen lan. Gerra garaiko emakume sahararrak elkarrizketatzen genituen Rabunin. Nire saio propioa nuen. Saharako Emakumeen Elkarteak antolatzen zuen programa. Beraiek emakumeak ekartzen zizkidaten eta nik elkarrizketatu egiten nituen.
Lagunek beti esaten didate, txiki-txikitatik, Aljerian ikasten ari nintzenetik, dudala ikus-entzunezkoetarako bokazioa; orduan ere beti, mikrofonoa balitz bezala makila eskuan, entrebistak irudikatzen ibiltzen omen nintzen, beraiek telebistan nobelak ikusten zituzten bitartean.

Haurtzaroko nolako oroitzapenak dituzu?
Egia esan, haurtzaro oso lasaia izan dut. Haima batetik bestera jolasean ibiltzen nintzela oroitzen dut. Ez dut inoiz oroitzapen txarrik izan. Saharar irakasleak izan nituen eskolan. Erlijio eskolan ere ibili nintzen, eta beste asko bezala, bederatzi urterekin Aljeriara joan nintzen erresidentzia batera, gobernuaren beka moduko laguntza batekin. Ikasturte guztia pasatzen genuen han. Aljeriara joaten ginenok udan itzuli egiten ginen, hiru bat hilabeterako, Kubara joaten zirenak, berriz, udan ere ez.
Adin horretan gainera, “Oporrak Bakean” moduko programa baten bitartez, Italiara joan nintzen uda batzuetan. Familia bat daukat han. Ni baino bi urte zaharragoa zen alaba bat zuten. Zazpi urte nituenetik hamaika urteak bete artean joan nintzen. Pentsa, ikasturte osoa Aljerian pasa eta kanpalekura itzuli orduko, Italiara. Hamabi urtetik aurrerako haurrak ez dute joaterik izaten, haur guztiek aukera izan dezaten.

Saharako errefuxiatuen kanpamenduan jaio zinen. Nolakoa da zure kanpamendua?
Kanpamenduetan jende umila bizi da, ez dago maila sozial ezberdinik, denok gara maila berekoak. Mundu guztia laguntzen menpe bizi da. Ez dago lanik. Neskek kanpoan ikasteko aukera gehiago izaten dute. Saharako errefuxiatuen kanpamendua desertuan dauden bost probintziatan banatuta dago eta horietako bat Dahla da, hor jaio nintzen ni, Umdrayga herrian. Mendebaldeko Saharako leku izen berdinak ditugu errefuxiatu kanpalekuetan. Tindufeko Dahla barruan, zazpi herri bezala daude, zazpi osasun etxe, hiru eskola, andaluziar eta euskaldunei esker eraikitako ospitalea… Ospitale handi horretan errebisioak-eta egiten dira, askotan, boluntario etortzen diren sendagileekin; begiak, belarriak… Beti gogoan dut guregana urte askoan etorri izan zen Txema izeneko euskaldun bat, agian jubilatuta egongo da. Oso maitea genuen.

Ondo antolatutako kanpamendu erraldoi bat bezala irudika dezakegu?
Aljeriatik eta hemendik jasotako laguntzak ditugu. Pertsona batzuk arduratzen dira janari banaketaz hilaren hasieran. Horren menpe gaude, baina ez dugu inoiz goserik pasa. Jateko geure ahuntzak eta ganbeluak ditugu. Hiri handitan oilaskoak eta arraina ere egoten dira salgai, baina ez dira gure egunerokoan sartzen. Baratze lanak ez dira oso errazak han, baina patata, azenarioak, tipula eta erremolatxa izaten ditugu. Emakumeak arduratzen dira horretaz. Asteazkenetan egiten dute lan hori. Astelehenetan, umeak eskolara joaten direnean, emakume guztiek herria garbitzen dute. Ostegunetan erdiek garbitu egiten dute eta beste erdiek baratze lanak egiten dituzte.

Kanpalekua haur eta emakumeen mundua da, beraz.
Gizonak ejertzitoan daude, derrigorrezkoa da. Gaixo daudenak, edo ejertzitora joan ezin dutenak bakarrik daude. Asko ari da aldatzen kanpamendua.
Azken aldian denda batzuk ere ari dira irekitzen poliki-poliki, beharrezkoak diren gauzak erosi ahal izateko: arropa, janaria eta hainbat material. Sahararrak oso irekita gaude mundura eta horrek eragin egin du. Asko, esate baterako, Kubara, Errusiara eta Libiara atera dira ikastera eta kultura eta pentsamolde nahasketak ohikoak dira. Ez gara mundu itxi bat. Emakumeak geroz eta gehiago, lantxoak egiteko aukera du, atera egiten da, bere familiak pentsatzen duena alde batera utz dezake, pentsamendu askea du eta orokorrean ez da nahi ez duena egitera behartua sentitzen.

Noiz atera zinen kanpamendutik?
2005ean Madrilera joan nintzen hiru hilabeteko kamera ikastaro bat egitera. Aljeriara itzultzeko ordua iritsi zenean, Madrilen gelditzen zen lagun batek tentatu ninduen eta bertan gelditu nintzen. Ez nuen telefonorik eta ezin nion inori abisatu han gelditzen nintzenik. Ez nuen inor ezagutzen eta ez nuen paperik. Espainieraz txikitan zerbait ikasi banuen ere, ez nintzen batere ongi moldatzen.
Lan bila genbiltzala, Jerez de la Fronteran, feria batean lan-txo bat atera zitzaigun patata beteak egiten eta han joan nintzen. Gogoratzen dut arratsaldeko seietan iritsi ginela eta feria handi bat ikusi genuela, eta tren geltokitik zuzenean lanera joan ginela. Hori izan zen nire aurreneko lana. Oso gutxi irabazten genuen eta lau egunez bakarrik egin genuen lan.
Gero umezain ibili nintzen. Lagun batek kanpamenduetara itzuli nahi zuen udan eta bere ordezkapena egitera joan nintzen Conil de la Fronterara. Bi haur txiki zain-tzen aritu nintzen eta horiekin gaztelera asko ikasi nuen. Lan pixka bat egin eta lortutako diruarekin paperak txukundu nituen Jaenen. Han atera zen nire erresidentzia, 2007an.

Erraz lortu zenituen “paperak”?
Bai, nahiko erraz. Nire amak nazionalitate espainola dauka. Sahararrek nahiko erraz lortzen ditugu, Sahara Espainiaren kolonia izan zenez, aiton-amonak ditugu nazionalitate espainola dutenak, eta beraz, urtebeteko erresidentzia dugu. Urte horretan lan egitera behartuta gaude, bestela kendu egiten digute. Urte batzuetan lan egin ondoren lortu nituen nik, eta paperak eskuan, Mallorcara joan nintzen. Nire historia horrela izan da beti, batetik bestera. Sei hilabete egin nituen han eta diru pixka bat lortu nuenean, eta paperak ere banituenez, Jerezera itzuli nintzen etxe batean lan egiteko.

Bada jendea sahararrek ez dutela lanik egiten pentsatzen duenik!
Ba ni ez naiz geldirik egon! Mallorcatik Sevillara joan nintzen eta han etxe batean interna egon nintzen. Mallorcan lan egiten nuen udan eta neguan Jerezen. Ez dut inoiz ahaztuko, udan Andaluzian lanean ari nintzela, bero handia egiten zuen, eta ura edateko baimena eskatu nuen eta ukatu egin zidan etxekoandreak. Oso gaizki sentitu nintzen.
Gauza asko egin ditut. Bainuetxean ere bi urtez egin dut lan. Orain guraso elkartean ere sartu naiz… Ikastaro bat tarteko, Gurutze Gorriarekin ere ibili izan naiz Cadizen migratzaileei laguntzen. Bi damu ditut lan kontuan. Aukerak beti etortzen dira ezin duzunean! Gurutze Gorriak beka bat eskaini zidan. Harekin zentro batean ikasteko aukera izango nuen, titulua ateratzekoa, baina momentu hartan dirua behar nuen eta ezin nuen nire lana utzi.
Bestea, Madrilen izan zen, etorri berritan. Goberna-tzaile saharar bat osasun arloan ibiltzen zen Madrilen eta medikuntzarekin lotura zuen ikasketak egiteko aukera eskaini zidan. Baina nik ez nekien oraindik zer egingo nuen nire bizitzarekin eta burua ikus-entzunezkoetan neukan. Hori da gaur egun ere ikasi nahi dudana. Kamera titulua atera nahiko nuke, baina horretarako dirua aurreztu behar dut eta lan egin, norbait zaintzen edo etxeren bat garbitzen edo…

Noiztik bizi zara Zestoan?
2012an ezkondu egin nintzen, eta lau urtera alaba izan genuen, eta seme bat ere badut.
Zestoara etorri nintzen aurreneko eguna gogoan dut, 2014ko apirilaren 14a. Lagun bati erroldatzen laguntzera etorri nintzen eta udalak eman zigun harrera gustatu zitzaidan, eta bertan gelditu nintzen. Lagun honekin bizitzen egon nintzen aurrena, gero haurdun gelditu nintzen, eta 2016an gure etxea alokatu genuen. Ondo hartua sentitzen naiz. Aurrena Saharakoa naiz, baina hemengoa ere bai. Alabari han galdetzen diotenean nongoa den, berak Euskal Herrikoa dela esaten du. Nik esaten diot saharar euskalduna dela eta berak dio euskaldun sahararra dela. Gu errefuxiatuak izan gara bizitza guztian, baina nire alaba ez, eta normala da bera euskalduna sentitzea.

 

Jone Bergara




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide