Albisteak

Aldaketak egin dituzte larunbateko Ibilaldi Neurtuko ibilbide luzean

Larunbaterako antolatu du Agiro mendi klubak 24. Ibilaldi Neurtua. Ohi bezala, bi ibilbide izango dira aukeran mendizaleentzako; 26,33 kilometroko ibilbide luzea eta 18,7 kilometroko ibilbide motza. Motzak irteera 08:00etan izango du Zestoako plazatik, eta luzeak, berriz, 07:00etan, toki beretik.

Ibilbide luzean aldaketak

Ibilaldi Neurtua egingo den goiz berean Rallye Goilurrak txapelketa Aittolatik igaroko denez, ibilbide luzea aldatu behar izan dute antolatzaileek. Hala, 15. kilometroan Aittolatik Sesiarte mendira joan beharrean, Triku Sakonera joko dute parte-hartzaileek; handik Ondarbasora eta Goltzibar bailaratik igaro ostean, Zestoan amaituko dute ibilbidea.

Hori horrela, Triku Sakonean elkartuko dira bi ibilbideetako parte-hartzaileak, eta handik aurrera bide bera egingo dute helmugaraino. Dena den, aldaketak ez du eragin handirik izango ibilbidearen luzeran. Antolatzaileek barkamena eskatu dute azken orduko aldaketek sor ditzaketen eragozpenengatik.

Izen-ematea

Proba egunaren bezperara arte egongo da zabalik izen-ematea, ekainaren 12 arte hain zuzen. Eguerdiko 13:00etan itxiko dute izen-ematea. Ibilaldi neurturako izen ematea 15 euro ordaindu beharko da eta izena Herrikrosa.eus webgunean eman daiteke.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, parte-hartzaile guztiek kamiseta bana jasoko dute, eta ibilbidean zehar anoa guneak egongo jan-edanarekin. Bestalde, ingurumenaren aldeko neurri gisa, mendizale bakoitzak bere edalontzia edo ontzia eraman beharko du.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide