Albisteak

Antton Ao Povo herri plataformaren mozioa onartu da EH Bilduren aldeko eta EAJren aurkako botoekin

Iraileko udalbatzarra egin zen atzo iluntzean. Uztaileko udalbatzarreko akta onartutzat emanda, bigarren puntuan 2024rako ordenantza fiskalean aldaketak egitea onartu zen aho batez eta %2 igoko dira 2024ko udal tasak. Bestalde, tasa eta prezio publikoetan bi gehikuntza izango dira. Batetik, jaietan janari postuak jartzen dituzten furgonetei 100 euroko tasa kobratuko zaie eta, bestetik, Auzobusa udal jarduerekin zerikusia duten kirol edo kultur kontuetarako alokatzeko aukera arautuko dute, besteak beste. Etxebizitza hutsei dagokionean, karga fiskala %50ean mantenduko dela onartu zuen. Zestoan etxebizitzarekin dagoen arazoa ikusita portzentaia hori igotzeko aukera dagoela azaldu zuen arregik, baina momentuz behintzat horrela utziko dela esan zuen.

Hirugarren puntuak eman zuen zeresana, izan ere, EH Bilduk %20an zinegotzi bat liberatzea proposatu zuen, energia berriztagarrien inguruko proiektu eta dirulaguntzei jarraipena egiteko. 2019ko jasangarritasun legearen arabera, udalek 2030erako kontsumitzen duten energiaren %35 berriztagarrietatik egin behar duela dio. Bide horretan, “dirulaguntza eskaera” eta “zeregin asko” dagoela azaldu zuen Arregik, kiroldegiko aterpean jarriko diren eguzki plaka fotovoltaikoen proiektua, eraikin publikoetako galdaren azterketak, Argiola energia komunitatea… Alkateak azaldu zuen, proiektuen haserako jarraipena eta gero, liberazioaren beharrik ikusten ez bada, eteteko aukera aurreikusten dutela.

EAJko Garikoitz Mendizabalek erabakia atzeratu eta bateraezintasun juridikorik egon ote litekeen aztertzeko eskaera egin zuen, “Zinegotziaren lanbidea eta Udalak gai honen inguruan duen hitzarmena tarteko, egon litekeen interesen talka ekiditeko”. Juridikoki bateraezintasunik ez balego, liberazioa onartzeko arazorik izango ez luketela nabarmendu zuen. Arregik Goiener irabazi asmorik gabeko kooperatiba dela nabarmendu zuen eta zinegotzia liberatzeko prozeduran ez dagoela inolako bateraezintasunik. Zinegotzia gai honetan aditua izatea udalarentzat “onuragarria” dela azpimarratu zuen, ekonomikoki eta herritarra delako. Gauzak horrela, puntu hau datorren udal batzarrera arte bertan behera gelditu zen.

Antton Ao Povo mozioa

Antton Ao Povo herri plataformako kideek mozioa aurkeztu zuten, 300 sinadurarekin batera. Mozioa EH Bilduren aldeko zazpi botorekin (zinegotzi bat falta zen) eta EAJko aurkako botoekin onartu zen. Arregik azaldu zuen %100ean egiten zutela bat mozioarekin eta plataformako kideei beraien animorik handienak eman nahi zizkiela egiten ari diren lanagatik. EAJko ezetzaren aurrean “pena handia” zuela ere azpimarratu zuen, EAJk beste legealdi batzuetan hori baino gauza “konprometituagoak” onartu dituela gaineratuta. Mendizabalek esan zuen, gaiarekin “sentsibilizatuta” daudela, baina plataformako kideei egindako hainbat galdera erantzun gabe gelditu zirenez ezetza emango ziotela mozioari. Berriro ere elkartu eta gaia lantzeko gonbidapena egin zuen Mendizabalek.

Irakurri mozioa hemen.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide