Urria 2026
— 2026-10-29Irakurri 286. zenbakia hemen.

Seigarren urtez antolatu du Ezkaizto auzo elkarteak, Txara Kooperatibaren laguntzarekin Arroa Beheko Artisau eta Baserritar Azoka. Azaroaren 15ean, igandea, inguruko baserritar eta artisauen produktuak izango dira salgai, 10:00etatik 14:00etara. Barazkiak, ogia, gazta, eztia, kontserbak, gozogintzako produktuak, arropa eta osagarriak, bitxiak, ukenduak, zeramika eta ehungintzako lanak aurkitu ahal izango dira, besteak beste.
Baserriko antzinako tresnak eta haien erabilera ezagutzeko aukera
Aurtengo azokak, ordea, izango du berezitasun bat: antzinako baserriko lanabesen erakusketa. Asteasuko herritar talde bat arduratuko da erakusketa prestatzeaz. Taldeko kide gehienak erretiratuak dira, eta garai bateko tresnak bildu eta berreskuratu dituzte, haien erabilera ezagutarazteko.
Azokako antolatzaileetako batek, Araitz Eizagirrek, azaldu duenez, era guztietako lanabesak ekarriko dituzte Arroabera. Alde batetik, baserriko eta nekazaritzako lanetan erabiltzen ziren tresna handiak izango dira ikusgai, lurra lantzeko, ereiteko eta bestelako zereginetarako erabiltzen zirenak. Bestetik, egurra lantzeko, sukaldeko lanetarako eta baserriko eguneroko jardueretarako erabiltzen ziren tresna txikiagoak ere erakutsiko dituzte. Horiez gain, antzinako tresna batzuen miniaturak ere izango dira ikusgai.
Erakusketa hutsa baino zerbait gehiago izango da, bisitariek tresnen inguruko azalpenak jasotzeko aukera izango baitute. Taldeko kideek lanabes bakoitzaren izena, zertarako erabiltzen zen eta nola funtzionatzen zuen azalduko dute. Zenbait tresnaren erabilera zuzenean erakusteko aukera ere izango da.
Eizagirrek nabarmendu duenez, erakusketaren helburu nagusia garai bateko bizimodua eta lan egiteko moduak ezagutaraztea da. Izan ere, tresna horietako asko erabiltzeari utzi zaio, eta haiekin batera, baita haien izenak eta erabilerari lotutako jakintza ere galtzen ari dira. Horregatik, antolatzaileek interesgarritzat jo dute Asteasuko taldea azokara gonbidatzea, ondare hori herritarrei hurbiltzeko.
Jateko eta edateko aukera ere izango da
Ohiko moduan, azokak jateko eta edateko txokoa ere izango du, eta bertan hanburgesak, taloak eta edariak eskainiko dituzte.
Antolatzaileek eskudirua eramateko eta, ahal dela, garraio publikoa erabiltzeko gomendioa egin dute. Autoz gerturatzen direnek industrialdean izango dute aparkatzeko aukera.