Albisteak

[ARGAZKIAK] Gipuzkoako bigarren mailako txapela eta hirugarren mailakoen igoera lortu dituzte Abantzukoek

Pilota erakustaldi bikainaz gozatzeko aukera izan zen atzo, ostirala, kiroldegiko frontoian. Abantzuko pilotariek Gipuzkoako Binakako Txapelketako Alkain Sariko bigarren eta hirugarren mailako finalak jokatu zituzten, eta bigarren mailakoek txapela etxera eramatea lortu zuten. Bi bikoteek datorren denboraldian mailaz igotzea ziurtatuta zuten arren, txapela nork jantziko zuen erabaki zen atzoko partidetan. Herritar ugari zein kanpotik etorritako zaleak bildu ziren frontoian, eta giro ederra izan zen bi partidetan.

Abantzuk, beraz, bi finaletan izan zituen ordezkariak. Hirugarren mailako partida jokatu zen lehenik, 19:00etan hasita. Abantzuko Caramanzana eta Azkue Eibarko Ibarra eta Agirresaroberen aurka aritu ziren, baina 22-8 galdu zuten. Dena den, datorren denboraldian bigarren mailara igotzea lortu dute.

Ondoren, bigarren mailakoen txanda iritsi zen. Abantzuko Sasiain eta Txapei Lapke taldeko Izagirre eta Ormaetxearen aurka aritu ziren nor baino nor. Partida parekatua izan zen, baina azkenean zestoarrak nagusitu ziren, 19-22ko emaitzarekin. Hala, txapela etxera eramatea lortu zuten, eta datorren denboraldian lehen mailan lehiatuko dira.

Atzo bi txapelak etxera eramatea lortu ez bazuten ere, gustura agertu ziren Abantzuko kideak lortutako emaitzekin eta bi bikoteek mailaz igotzea lortu izanarekin.

Gaur, trinketeko finala

Atzoko bi finalez gain, gaur ere beste final bat jokatuko dute Abantzuko pilotariek. Trinketeko nagusien eskuz binakako Izarkom Sariko bigarren mailako finala izango da, 16:30ean, Irurako Ametsa trinketean. Abantzuko Alonso eta Odriozola Billabonako Behar Zana taldeko Izagirre eta Zufiriaren aurka ariko dira. Finala irabaziz gero, mailaz igotzea lortuko dute.

Partida zuzenean ikusteko aukera izango da esteka honetan.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide