Maiatza 2026
— 2026-06-03Irakurri 282. zenbakia hemen.

Atzo arratsaldean, Argiolak bilera egin zuen Arroabeko Elkargunean, batez ere eguzki plaken proiektuan parte hartzen ari diren herritarrei zuzenduta. Bertan, proiektuaren nondik norako orokorrak azaldu zituzten, eta ondoren fakturak ulertzeko argibideak nahiz instalazioari ahalik eta etekin handiena ateratzeko hainbat gako partekatu zituzten.
Afitxan adierazten zuten bezala, “Arroarron indarrarekin, argia piztu dugu!”; izan ere, Arroabeko eguzki plaken instalazioa martxan dago apirilaren 15az geroztik. Bileran argi geratu zen etxebizitza eta kontsumo ohitura bakoitza desberdina dela eta, ondorioz, egoera bakoitza bere aldetik aztertu behar dela. Halaber, komertzializadore bakoitzak autokontsumoari buruzko informazioa modu desberdinean erakusten duela azaldu zuten, baina datu zehatzak banatzaileak (distribuidoreak) ematen dituela gogorarazi zuten.
Oro har, instalazioari etekinik handiena ateratzeko, kontsumorik handiena eguzki orduetan egitea dela azaldu zuten. Horrez gain, erabiltzaile bakoitzaren beharretara egokitzen den tarifa edo paketea aukeratzea komeni dela nabarmendu zuten, eta instalazioaren konfigurazioa berrikustea ere gomendatu zuten, soberakin gehiegi sortzea saihesteko. Izan ere, aurrezkirik handiena panelek sortutako energia unean bertan kontsumitzean lortzen dela azaldu zuten; sarera isurtzen diren soberakinengatik jasotzen den konpentsazioa, berriz, txikiagoa izaten da.
Azalpen teorikoez gain, bertaratutakoek euren fakturak eta egoera errealak partekatzeko aukera izan zuten, eta kasu praktikoak aztertuta hainbat zalantza argitu zituzten. Hala ere, beste horrenbestetan bezala, aurrezpena proiektuaren ondorioetako bat izan daitekeela gogorarazi zuten, baina helburu nagusia energia berriztagarrietan oinarritutako burujabetza energetikorantz urratsak ematea dela nabarmendu zuten.
Proiektuan parte hartu nahi dutenek edo informazio gehiago jaso nahi dutenek argiola@ni.eus helbidera idatz dezakete. Bestalde, Argiolak jakinarazi du urteko bazkide batzar orokorra datorren asteazkenean, ekainaren 10ean, egingo duela. Bertan, urteko jardueraren eta etorkizuneko erronken berri emango dute.