Albisteak

[ARGAZKIAK] 500 ikusletik gora bildu ditu aurtengo Antzerki Asteak

Pasa den larunbatean amaitu zen Zestoako Antzerki Astea, bost egunez sei ikuskizun eskaini ondoren. Aurtengo edizioan 500 ikusletik gora bildu dira. Eromen Produkzioak taldeak lau antzezlan sortu ditu, eta lehenengo hiru egunetan eskainitako emanaldiak Zestoako Arte Eszenikoen Eskolako aktore amateurren eskutik etorri dira. Aurten, berrikuntza modura, bi konpainia profesionalek ere parte hartu dute, Hika Teatroak eta Kamikaze Kolektiboak.

Aurtengo edizioan, lehen aldiz, antzezlanen ostean solasaldiak egin dira aktoreekin. Saio hauek galderak egiteko eta publikoaren feedbacka jasotzeko baliagarriak izan direla azaldu dute antolatzaileek. Eromen Produkzioakeko kideen hitzetan, “antzezlan profesional bat ikustera joaten garenean, gutxitan izaten dugu aktore edo sortzaile profesionalekin zuzenean hitz egiteko aukera”.

Emanaldien ostean, zizka-mizkarako tartea ere hartu dute Laiak denda eta Uztapide tabernari esker. Antolatzaileek eskertu egin dute haien inplikazioa, ezinbestekoa izan baita.

Iaz bezala, aurten ere familia eguna antolatu zen larunbatean. Lehendabizi, Antzerki Eskolako gazteen emanalditxoa izan zen, eta ondoren Hika Teatroaren “Atearen beste aldean” antzezlan mutua eskaini zuten.

Eguraldi txarra izan da edizio honetako protagonistetako bat, Eromen Produkzioakeko kideen esanetan. Euri jasa, txingorra eta ekaitzek kanpoan erabiltzen duten karpa hondatu egin dute. Bero handiak ere baldintzatu du jaialdia zenbait egunez. Antzezlanak Caravan Parkeko pabiloietako batean egin dira, eta hor, “teknikoki iluntasuna ezinbestekoa da argiztapen lanak ondo nabarmentzeko”. Horregatik, pabiloia itxita eduki behar izan dute, nahiz eta barruan beroa handia izan.

“Aurtengo eguraldi txarrak eta bero ikaragarriek agerian utzi dute lan egiten ari garen egoera prekarioa”, azaldu dute. “Guztia boluntariotzaren bidez egiten dugu, eta horrelako arazoak sortzen direnean ahal dugun moduan konpontzen saiatzen gara” diote. “Hala ere, lan egiteko baldintzak eskasak dira, nahiz eta azken emaitza ona izan eta publikoa esperientziarekin gustura geratu” salatu dute. Nabarmendu dute inoiz baino ageriago geratu dela herrian antzoki duin baten beharra, gutxieneko baldintzak betetzen dituena, publiko zein aktoreen beharrak asetzeko. “Teknikari eta aktore profesional askok adierazi digute herriak antzoki duin baten beharra duela”, hau inoiz baino gehiago nabarmendu nahi izan dute.

Argazkiak: Eider Iturriaga




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide