Azaroa 2025
— 2025-12-03Irakurri 276. zenbakia hemen.

Giro bikainean ospatu zuten atzo Arroabeko auzotarrek Txikitasunean Haundi Eguna. Egun osoko egitarau zabalez gozatzeko aukera izan zuten, haur nahiz helduentzako ekintzekin. Goizean, Txepetxa, triki-poteoa eta herri bazkaria izan ziren nagusi, eta bazkalondoa bingoan jolasean pasa zuten, eguneko ekintza nagusiaren atarian.
Arratsaldean, plaza jendez gainezka zegoen txinga erronka ikusteko. Giro bero eta ikusmin handian, duela 40 urte Itziarko Agustin Uranga “Billabier”-ek Arroabean ezarritako marka hausten saiatu ziren lau kirolari. “Billabier”-ek 27 kiloko txingekin 75 plaza egin zituen garaian, eta nahiz eta ez izan ziur plaza bakoitzaren luzera 20 ala 25 metrokoa zen, antolatzaileek oraingoan 25 metroko plazak egitea erabaki zuten.
Binakako txandetan aritu ziren parte-hartzaileak. Lehen txandan, Mikel Agirrek 31 plaza, 8 metro eta 12 zentimetro egin zituen, eta Lander Ibarluzeak, berriz, apur bat gehiago: 34 plaza eta 66 zentimetro. Bigarren txandan iritsi zen une handia: Pablo Álvarezek 70 plaza eginda, marka berdintzetik oso gertu geratu zen, baina Andoni Zubiaurre “Gorixo”-k marka hautsi zuen, 27 plaza gehiago eginez, 102 plaza guztira.
Arroabeko plazak txalo zaparradaz ospatu zuen une historikoa, duela lau hamarkada “Billabier”-ek ezarritako marka, orain, Gorixoren izenean geratu da.






































