Iraila 2026
— 2026-10-08Irakurri 285. zenbakia hemen.

Zestoako AEK-k antolatuta, “Jakintza edan: Zestoako historia, pote artean” ekimena egin zuten atzo arratsaldean. 40 lagunek eman zuten izena, baina azkenean 50etik gora elkartu ziren Mikel Nogales Sagartzazu historialariak proposatutako ibilbidean. Poteo giroan bazen ere, jakintza egarriz gerturatu ziren parte-hartzaileak, eta gustura entzun zituzten Nogalesek Zestoako historiari buruz kontatutako istoriotxoak.
Zubimusun hasi zuten ibilbidea, eta Gurutzean, Lizentziadonekoa eraikinaren aurrean, herriko plazan, Pio Baroja plazan eta Laranjadi plazan geldialdiak egin ondoren, liburutegi aurrean amaitu zuten. Bidean, herriko historiaren eta ondarearen inguruko bitxikeriak ezagutzeko aukera izan zuten, jakin-mina ederki asetuz.
Ikasturte hasieran ikasleen arteko harremanak sustatzeko ekintza bat antolatzen du urtero AEK-k, eta atzokoan ere agerian geratu zen ikasleen aniztasuna: adin guztietako lagunak elkartu ziren, betiko zestoarrak zein herrira etorri berriak, euskaldun zaharrak zein euskaldun berriak. Hala, ikasleen arteko harremanak sendotzeaz gain, herritarrak elkartu eta herri giroa sortzeko aukera ere izan zen.
