Abendua 2025
— 2025-12-29Irakurri 277. zenbakia hemen.

Ostiral gauerako plan ezinhobea izan zuten atzo Zestoako bertsozaleek; izan ere, Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketako saioa jokatu zen Harresi tabernan. Txapelketako lehen fasea eskualdez eskualde jokatuko da, eta atzokoa Urola Erdiko kanporaketako lehen hitzordua izan zen.
Lehia estua izan zuten parte-hartzaileek, Zestoako Erralla taldeak irabazi baitzuen saioa, 11 punturekin, Azpeitiko Igerilari Artifizialak taldeak lortutako 10 punturen aurrean. Hala, zestoarrek txapelketan aurrera egitea lortu dute, eta azpeitiarrek, berriz, agur esan zioten txapelketari hasi orduko. Etxean aritu ziren kantuan Erralla taldeko Gorka Olaizola, Oskar Alberdi eta Aitor Salegi eta epaileetako bat izan zen Joritz Zinkunegi.
Erniarraitz bertsozale elkarteak antolatuta, Azpeitiko, Azkoitiko, Errezilgo eta Zestoako zazpi talde ariko dira lehian lehen fase honetan. Atzokoa hasiera baino ez zen izan; izan ere, lehen fasean bost saio eta finala jokatuko dituzte aipatutako herrietan. Erralla taldekoek otsailaren 20an jokatuko dute finalaurrekoa, Errezilgo Borondegin. Bertan, Azpeitiko irabazlearen aurka ariko dira nor baino nor lehian.
























