Albisteak

Arroabearrek inguruko parajeak zeharkatuko dituzte igandeko Arroa Biran

Ezkaizto Auzo Elkarteak antolatuta, Arroa Bira mendi ibilaldia egingo dute igandean, azaroak 8. Urtero azaroan antolatu ohi dute txangoa, auzotarrak inguruko parajeak ezagutzera animatzeko asmoz. Aurten ere bi ibilbide prestatu dituzte: 14 kilometroko ibilbide luzea eta 5,7 kilometroko ibilbide motza.

Ibilbide luzeko parte-hartzaileak izango dira lehenak abiatzen, 09:00etan, Arroabeko plazatik. Handik Mardura joko dute, eta Uraingo gaina, Olaberri, Arroagoia, Ibañarrieta, San Lorente eta Agote zeharkatu ondoren, berriz ere Arroabera itzuliko dira.

Ibilbide motza aukeratzen dutenek, berriz, 10:30ean ekingo diote ibilaldiari, Arroabeko plazatik abiatuta. San Lorentera joango dira, eta Agotetik igaro ondoren, Arroabean amaituko dute ibilbidea.

Ohiko moduan, bi ibilbideetako parte-hartzaileak San Lorenten elkartuko dira, eta guztiek elkarrekin mokadutxoa egiteko aukera izango dute.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide