Albisteak

Kapsula Kuantikoa Zestoan izango da ostegunean

Argazkia: Diario Vasco

Kapsula Kuantikoa Zestoan izango da ostegunean, hilaren 5ean. Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak sustatutako ekimenak fisika kuantikoaren oinarriak eta eguneroko bizitzan dituen aplikazioak modu ulergarri eta parte-hartzailean ezagutaraztea du helburu.

Unitate mugikor moderno batean egingo dituzte bisitak, eta bertan ikus-entzunezko baliabideak eta instalazio interaktiboak uztartuko dituzte, konplexuak edo eguneroko bizitzatik urrunekoak iruditu daitezkeen kontzeptuak errazago ulertzen laguntzeko. Zestoan geldialdia egiteaz gain, Euskadiko beste hainbat udalerritatik ere igaroko da egitasmoa 2026-2027 ikasturtean.

Goizean taldeak, arratsaldean bisita libreak

Arocena Hotelaren aurreko aparkalekuan kokatuko da unitatea eta 08:00etatik 20:00etara izango da bertan. Goizeko 09:00etatik 14:00etara talde-bisitak egingo dituzte, aurrez erreserbatuta. Saioek 50 minutu inguru iraungo dute, eta ikastetxeek, aisialdi-elkarteek nahiz premia bereziak dituzten kolektiboekin lan egiten duten erakundeek parte hartu ahal izango dute, besteak beste.

Arratsaldean, berriz, herritar guztientzat irekiko dituzte ateak: 16:00etatik 19:00etara bisita libreak izango dira, erreserbarik egin beharrik gabe. Horiek 30 minutu inguruko iraupena izango dute.

Talde-bisitetarako erreserbak egiteko edo informazio gehiago eskatzeko, info@kuantika.eus helbidera idatzi edo 945 180 736 telefonora deitu daiteke.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide