Albisteak

Arroako AP-8ko ordainlekua erabat berrituko du Bidegik

AP-8ko Arroako ordainlekua osorik berritzeko lanak esleitu ditu Bidegik. Sarbidean egingo diren lanek 3,5 milioi euroko aurrekontua izango dute, eta 18 hilabeteko epean gauzatzea aurreikusi dute.

Proiektuaren bidez, ordainlekua goitik behera eraldatuko dute. Egungo egiturak kendu eta bide berriak egingo dituzte, eta etorkizunean free-flow edo geldialdirik gabeko ordainketa sistema ezartzeko prestatuta utziko dute azpiegitura. Horrez gain, instalazio elektriko guztiak berrituko dituzte.

Ordainlekuko bost bideetan teknologia berriak ere jarriko dituzte, besteak beste matrikulak irakurtzeko kamerak, urrutitik kudeatzeko sistemak eta iruzurraren aurkako ordainketa mekanismo automatizatuak.

Bidegik jakinarazi duenez, obrak zerbitzua eten gabe egingo dira. Helburua ordainlekua modernoagoa eta eraginkorragoa bihurtzea da, gaur egungo eta etorkizuneko ordainketa sistemetara egokituta.

Arroako jarduketa AP-8ko kobrantza estazioak modernizatzeko Bidegik 2019an abiatu zuen planaren barruan kokatzen da. Azken urteotan Zarauzko eta Irungo ordainleku nagusiak berritu dituzte, baita Irun-Bentakoak eta Irun-Mendebaldekoak ere. Gaur egun Oiartzunen eta Zarautz ekialdean ari dira lanean, eta berriki Elgoibarko ordainlekua berritzeko obrak ere esleitu dituzte.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide