Paperekoa

[ATARIKOA] Auzolanean

Kondairak dio euskal usadioan barne-barneraino errotzen dela auzolana Euskal Herrian. Kontzeptu gisa munduan ez da esklusiboa, baina bai mendeetan zehar mantentzea lortu duen herri baten izaera definitzen duen zerbait. Egia da azken hamarkadetan galtzen ari dela, edo, behintzat, ez dela lehen zen bezain indartsua. Horrek ez du esan nahi, ordea, galduta edo galtzear dagoenik. Zestoa bezalako herri batean adibide ugari topatu ditzakegu. Aldizkari honetatik hasita, ale honetan aurkituko dituzuen hainbat gai.

Seguruenik guztietan berriena Amets Sarea izango da. 2025eko irailean hasi ziren lanean herriko hainbat eragile elkarturik, herrian azken urteetan egon diren aldaketekin kezkatuta. Gizartea azkar aldatu da, eta aldatzen ari da. Teknologia berrien kudeaketa, euskararen erabileraren beherakada edo kanpotik datozenen integrazioa hobetuz, umeen ongizatea zaindu nahi da Amets Sarearen bidez. Talde hau sortzeak ez du esan nahi orain arte ez denik ezer egin, baina taldean lan eginez emaitza hobea lor daiteke, eta, bakoitzak hobeto ezagutzen dituen eremuak besteei erakutsiz, gizarte hobea eraikitzen lagundu dezakegu. Esan daiteke tribuaren zaintza auzolana dela.

Maiatzaren 15ean Arroabean egin zen eskola txikien antzerki topaketa ere auzolanaren erakusle izan daiteke. Bakoitzak erakutsi dezakegu gure berdintasunean desberdinak garela, edo desberdintasunean berdinak garela. Hau kakanahastea. Baina zuek ulertzen duzue zer esan nahi dudan. Edo ez. Auzo edo herri txikietako eskolek errealitate bat erakusten dutela uste da askotan, baina elkarrengandik oso desberdinak izan daitezke. Antzerkiaren bidez, elkar ezagutzeko aukera dugu, eta hiri handi batera joan gabe auzo batean edo herri batean bizi gaitezkeela erakutsi, begiratu nahi duen edonori.

Zestoa herri musikazalea da, eta horren erakusgarri dugu Fundizio Fest. Fundizio musika elkarteak auzolanean urtero antolatutako musika jaialdi honek herriko musika taldeei oholtzara igotzeko aukera ematen die. Estazio zaharreko lokalean elkartzen diren taldeek auzolanean lan egiten dute urtean zehar, ordutegiak erabakitzeko, lokala hobetzeko edo jaialdia antolatzeko, urteetako usadioari jarraituz. Gero eta talde gehiago dago herrian, eta guztientzat dago lekua estazio zaharrean. Nahikoa duzue taldeko norbaitekin hitz egitea edo hara joatea. Ziur egon beren esku dagoen guztian lagunduko dizuetela. 

Urko Canseco




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide