Maiatza 2026
— 2026-06-03Irakurri 282. zenbakia hemen.

Eskolako Agenda 2030 programaren barruan, Arroabeko eta Aizarnako eskoletako ikasleek ekoizpen eta kontsumo arduratsua landu dute azken bi ikasturteetan. Horren baitan, aurten hamaiketakoen inguruko behaketa egin dute, eskoletan sortzen den hondakin kopurua aztertzeko.
Aste batez, ikasleek eskolara eramaten dituzten hamaiketako motak eta horiek sortzen duten plastiko eta bilgarri kopurua neurtu dituzte. Emaitzen arabera, ontziratutako produktuek hondakin gehiago sortzen dituzte, eta fruta edo etxetik prestatutako hamaiketakoek, berriz, askoz gutxiago, batez ere ontzi berrerabilgarriak erabiltzen direnean.
Egindako lana eta ateratako ondorioak ikasturte amaierako foroan aurkeztu dituzte, Zestoako Udalarekin batera. Gainera, herritarrak kontzientziatzeko asmoz, kartelak prestatu eta Zestoan zein auzoetan jarri dituzte, eguneroko kontsumo ohiturek ingurumenean duten eraginaz hausnartzera gonbidatuz.
Ikasleek maiatzean egindako udal foroan ere euren ondorioak partekatu zituzten, eta kontsumo jasangarriagoaren aldeko mezua herri osora zabaltzeko udalaren laguntza eskatu zuten. Horrela, Eskolako Agenda 2030 programaren bidez, ingurunea hobetzeko proposamenak egiten eta eragile aktibo bihurtzen ari direla erakutsi dute.
Argazkia: Zestoako Udala