Albisteak

Argiolak proiektuen bilakaeraren berri eman du urteko batzar orokorrean

Atzo egin zuen Argiolak urteko batzar orokorra. Hogeita bost bat bazkide bildu ziren Alonderon, herriko energia berriztagarrien kooperatibaren jardunaren eta proiektuen berri jasotzeko. Talde sustatzaileak esku artean dituen egitasmoen inguruko azalpenak eman zituen: Aizarnako proiektua martxan dago jada, Arroabekoa abiatu berria da, eta Zestoakoa izango da hurrengo pausoa emango duena.

Argiolaren eguneroko jarduna boluntarioz osatutako lantalde batek kudeatzen du, eta egindako lanak emaitzak ematen hasi direla ikusi da. Hala ere, bazkideen babesa eta parte-hartzea ezinbestekoak direla azpimarratu zuten beste behin.

Kooperatibaren helburu nagusia energia berriztagarrietan oinarritutako burujabetza energetikoa sustatzea bada ere, batzarrean agerian geratu zen komunitatearen erronka sozialei ere erantzun nahi diela. Besteak beste, egoera zaurgarrian dauden familien artean proiektua zabaltzeko emandako urratsen eta lortutako emaitza positiboen berri eman zuten.

Ikasturtea amaitu aurretik beste hitzordu bat ere iragarri du Argiolak. Ekainaren 18an bilera egingo dute Aizarnan, 18:00etan, Kontzejuan. Bertan, Aizarnako proiektuaren egoeraren berri emango dute, eta erabiltzaileen zalantzak argitzeko eta laguntza eskaintzeko aukera izango da.

Argiolaren proiektuak hazten jarraitzen du, eta parte hartzeko aukera zabalik dago oraindik. Informazio gehiago nahi dutenek argiola@ni.eus helbidera idatz dezakete.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide