Maiatza 2026
— 2026-06-03Irakurri 282. zenbakia hemen.

Etxeko hondakin txikiak biltzeko erabiltzen den etxola kokapen berrian jarri dute dagoeneko. Orain arte Zubimusu kalean zegoen etxola Gesalaga kalera lekualdatu dute, eta aldi berean konponketa lanak egin dizkiote, zaharkituta baitzegoen.
Etxola honek garbigunera eraman beharreko tamaina txikiko hondakin batzuk modu erosoagoan uzteko aukera ematen du. Horretarako, hondakin mota bakoitzerako egokitutako aho eta zirrikitu desberdinak ditu.
Besteak beste, honako hondakin hauek utzi daitezke bertan: aparatu elektriko eta elektroniko txikiak, tinta-kartutxoak eta tonerrak, CDak eta DVDak, metalezko tresneria, pinturak eta brotxak, disolbatzaileak, garbiketarako produktu kimikoak, motor-olioa, aerosolen ontziak, bonbillak, erradiografiak, merkuriozko termometroak eta pilak.
Udalak gogorarazi du likidoak edo produktu kimikoak dituzten ontziak ondo itxita utzi behar direla. Era berean, etxolako zirrikituetatik sartzen ez diren hondakinak ezin dira inguruan utzi; kasu horietan, hondakinak garbigunera eraman behar dira.