Paperekoa
[ATARIKOA] Borondatea
— 2025-06-16Udaberria urte sasoi oparoa izan ohi da Zestoan, zer esanik ez maiatza. Santakutzekin hasi eta ia gelditu ere egin gabe daramagu hilabetea, baina hilaren hondarretan, badago oraindik zer egina!
Danbolinzulo Kultur Elkarteak 25.urteurren festa ospatu ondorenean jasoko duzu zenbaki hau, irakurle. Hogeita bost urte ez dira, ez, ahuntzaren gauerdiko eztula. Garaiak garai, jakin du testuingurura egokitzen proiektuak, hainbat belaunalditako herritarren lan boluntarioari eta laguntzari esker. Ospakizun eguna bera ere ez zen posible izango herritarren laguntza eta prestasunik gabe. Eskerrik asko!
Zestoa Futbol Klubaren zuzendaritzarekin hizketan aritu dira Jone eta Oihane, egungo proiektuaren eta etorkizuneko erronken inguruan. Gainera, aurtengoan, “Zestoako Futbol Klubaren I. Klubaren eguna” egingo dute maiatzaren 31n, eta egitarau oparoa antolatu dute heldu zein gaztetxoentzat. Danbolinen bezala, makina bat herritarrek eskaini dio eta eskaintzen dio denbora librea futbol klubari, bejondeiela haiei guztiei ere.
Jon Ander eta Asier Lopetegi Aizpurua anaiek kotxeekiko zaletasuna dute, eta denbora librea horri eskaini izan diotela kontatu diote Amaiur Aristiri. Afizioa medio, elkar zirikatuta eta elkarren babesean, Marokon izan dira, Maroc Challenge lasterketan. Lasterketa batean parte hartzen duten lehen aldia dute, eta bertan bizitako esperientzia eta gorabeherak izan dituzte hizpide datozen orrialdeetan aurkituko duzun artikuluan.
Itxaso Marti Carrerari etxetik datorkio medikuntza eta neurologiarekiko harra, eta etxean ere transmititu dio ondorengo bati, behinik behin. Izan ere, bi neurologoren alaba da, eta bere alaba medikuntza ikasten ari da gaur egun. Itsaso Zubiriak elkarrizketatu du; Itsasok, Itxaso. Borondatea beharrezkoa da herri aldizkarian, futbol klubean eta, oro har, herrigintzan, baina behar izango zuen borondatea Itxasok ere egin dituen ikasketa prozesua eta ibilbide profesionala egiteko. Inguruan badut MIR bat eginda izerdia lodi bota duenik eta zur eta lur utzi nau Itxasok bi MIR egin zituela irakurtzeak! Donostiako Ospitalean dihardu lanean gaur egun, batez ere gaixotasun arraroak dituzten haurrekin, eta baita beste hamaika saltsatan ere, berak aitortu duenez. Hainbat kontu eta bizipenen artean, pantailak eta horiek sortzen duten arreta gabezia ere izan ditu hizpide, datu gordinak eman ditu; umeen garapenean daukaten inpaktua izugarria da, baina, zerbait aldatuko bada, helduok ere begiratu beharko genioke geure buruari, borondatez.
Nerea Odriozola Larrañaga
Egin zaitez bazkide