Paperekoa

[ATARIKOA] Kantuz sortu naiz eta kantuz nahi bizi

Gaztain estudioen aurrean nago, sartuko ez sartuko. Ahots ederrek abestutako hamaika kantu jaso ditut etxean haur nintzenetik eta maite dut nik ere abestea. Jakitun, hortik abeslari izatera dagoen saltoa ez dela makala! Etxe barruko abeslari izatearekin konformatzen naiz, lagunartekoa, dutxakoa, kotxekoa. Musika asko entzundakoa naiz, baina ez hainbeste kontzertuetan; ez, behintzat, Zestoara iritsi nintzen arte. Hemen ikasi nuen kontzertuetara joaten! Lagunei eskerrak ematea tokatzen zait, beraz, ate eder hori irekitzeagatik.
Inbidia puntuarekin irakurri dut Eñaut eta Jonen arteko elkarrizketa, lortu baitut usaintzea Gaztañagari musika-munduagatik darion pasioa. Inbidia ematen dit egin nahi duena garbi daukan jendeak eta, zer esanik ez, egitea lortzen duenak. Haurtzaroko musikazale hartatik artista handiak herrira gerturatzen dizkigun artista puskaraino, Eñaut pixka bat gehiago ezagutu eta gaur egun egiten duena jakiteko, irakurri beharrekoa.
Ez da, ordea, Zestoan daukagun artista bakarra. Irakurri berri dut Isilgabe taldea gazteen artean egiten ari den lana eta, benetan, txapela kentzekoa. Zuloan dagoenari eskua luzatzen dioten herritarrak badirela jakiteak goxatzen du pixka bat bizitza, itzaletan dabilenari argitasunera hurbiltzeko tresnak eskaintzen hasiak dira Azpeitiko Urola ikastetxean eta Xuban, Iker, Aicha eta Aimarrek Zestoan jarri nahi dute martxan jazarpenari eta gazteei sufrimendua sorrarazten dieten arazoei aurre egiteko proiektua. Gai korapilatsua, ertz askokoa eta edonorentzat heltzeko zaila, baina heltzen diotenak gazteak direla jakiteak poza eman dit.
Gai interesgarriz beteta dator apirileko Danbolin, aurreko biak gutxi ez eta Argiolak Aizarna, Arroabea eta Zestoako proiektuen berri emango baitigu. Erronka ez da makala, burujabetza (besteren artean) energetikoa amets dugunontzat pauso galanta ematera iritsi baita energia berriztagarrien komunitatea.
Irakurtzen nondik hasi norberak erabaki dezala, baina orrialdeotan murgiltzera gonbidatzen zaituztet; merezi du eta.

Itsaso Zubiria




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide