Albisteak

Badator Zestoako Antzerki Astea

Datorren asteartean, ekainak 30, hasiko da Zestoako Antzerki Astea. Dena prest dute Eromen Produkzioak taldekoek. “Gogotsu eta urduri” daudela esan du Amancay Gaztañaga Eromeneko zuzendariak gaur goizean egindako prentsaurrekoan. Ekainak 30ean hasi eta uztailak 3ra bitartean “Zestoa bahitu” egingo dutela azaldu du Gaztañagak, “bahiketa poetikoa izango da eta denok gonbidatuta zaudete parte hartzera”. Berrikuntzekin datoz aurtengoan ere, antzezlanez gain, akzio poetikoak eta irratsaioak egingo dituzte. Egun gutxi gelditzen dira ikuskizunez betetako asteari hasiera emateko eta sarrera guztiak agortuta daude jada.

Akzio poetikoak nonahi

Eromen Produkzioakeko aktoreek eskainiko dituzte akzio poetikoak. Bakarrizketak, kalejirak eta antzezlan laburrak egingo dituzte, herriko puntu ezberdinetan. Sarrera guztiak agortuta dauden arren, Eromen Produkzioak eta Danbolineko sare sozialen bitartez emanaldiak zuzenean jarraitzeko aukera izango da. Iñigo Dierez Eromeneko kideak azaldu du egoerara egokitu behar izan dutela, “azken hilabeteetan lanean jarraitu dugu, bideo deien bidez klaseak eta entseguak egin ditugu” esan du. Egoerara egokitzen jakin dutela azpimarratu du eta orain, egindako lana jendaurrean aurkezteko gogoz daudela. Marije Izetak azaldu du konfinamendu garaia ondo etorri zaiola antzerkigintzako beste esparru batzuk jorratu ahal izateko, “konfinamendua idazteko aprobetxatu dut, niretzako deskubrimendu bat izan da”.

Irratsaioak Kukurruku irratian

Egoera berrira moldatzeko asmoz, irratsaioak eskaintzea erabaki zuten antzerki asteko antolatzaileek. Saioak, Kukurru Irratian izango dira entzungai (101.75FM). Saio hauek kaleko egitarauaren gehigarriak izango dira. Eromeneko kideek irratsaio kulturak, irrati nobelak, eta hiru ataletan zatitutako antzezlan bat prestatu dituzte. Haurrek ere izango dute euren txokoa. Ima Izeta Eromeneko kideak esan du esperientzi polita izan dela eta oso gustura egon direla saioen grabaketetan. Irratsaioak irrati bidez entzuteaz gain, Eromen Produkzioak-en sare sozialetan eta Danbolineko webgunean jarraitu ahal izango dira.

Gonbidatu bereziak

Urtero legez, Antzerki Asteak gonbidatu bereziak izango ditu. Lau antzerki obra izango dira ikusgai, denak Kultur Etxe aurrean. Amancay Gaztañaga eta Iraia Eliasen “Matriuska” lanarekin estreinatuko dituzte gonbidatu berezien antzezlanak. Donostia Kulturaren Poltsikoko Antzerki jardunaldietan lehen saria irabazi zuen ikerkuntza batean murgilduta dauden bi zientzialariren istorioa kontatzen duen obrak.

Donostia kulturaren Poltsiko Antzerki jardunaldietan bigarren saria irabazi zuen “Esnatu naiz” lana ere izango da ikusgai. Andoni Mutiloa sortzaile eta aktoreak eskainiko du dantza, antzerkia eta musika nahasten dituen ikuskizuna.

Erika Olaizola aktore azpeitiarrak “Panpina” antzezlana ekarriko du Kultur Etxe aurrean sortuko duten aretora. Azken hilabeteetan geldik egon ondoren berriro ere “aktibatzeko gogoarekin” dagoela esan du Olaizolak. Gau berezia izango dela azpimarratu du, “Zestoan eta aire librean izango da, gogotsu nago”. Egoera honetan horrelako zerbait antolatzea garrantzitsua dela azpimarratu du, “nik uste dut beharrezkoa dela kultura aktibatzea eta gero horrek jarraipen bat izatea”.

Azkenik, antzerki asteari amaiera emateko, Xanti Agirrezabalagaren “Satiro” antzezlanaz gozatzeko aukera izango da. Berak sortu eta antzeztu du obra eta ezohiko gorputzak eta genero ezbaiak landu ditu. Eromen Produkzioak-eko kidea izan zen Arrizabalaga eta urte batzuk beranduago Zestoako Antzerki Astean izateak ilusioa egiten diola esan du, “urte batzuetan ikusi ez gaituztenek ikusiko gaituzte berriro oholtza gainean eta horrek poza ematen du”.

Hona hemen egitaraua:

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide