Albisteak

Bainuetxeko langileek lan baldintza duinak aldarrikatzeko kontzentrazioa egin dute

Bainuetxeko langileak lan baldintza duinak aldarrikatzeko kontzentrazioa egin zuten atzo, asteartea, lantoki aurrean.  Urtetan zehar enpresak “gogor kolpatu” dituztela salatu dute langileek.

2016tik langileek dituzten lan egutegiak Gipuzkoako lan ikuskaritzan salatzen dabiltzala azaldu dute. “Urtero salatu behar izaten dugu enpresak langileoi ez dizkigula lan egutegiak ematen, hitzarmenean jasota daukagun gai bat denean eta ikuskaritzak, halaber, arrazoia ematen digunean behin eta berriz. Ikuskaritzak isunak jartzen dizkio enpresari, baina hurrengo urtean, berdinean dago, isunak ordaintzea ez zaio axola” adierazi dute.

Gainera, Bainuetxeko langileek duten lan karga handia dela salatu dute. “Lan karga itzelak ditugu, bajak, ordezkapenak…ez dira kubritzen eta gero eta langile gutxiago gaude lan berdina egiteko. Ezin aipatu gabe utzi, gainera, gero eta langile gehiagok hartzen dutela baja lan kargen eta lesioen ondorioz. Honek guztiak ezinbestean gure lanaren kalitatean eragin zuzena dauka eta bezeroek ere nabaritzen dute” esan dute.

Datorren abuztuaren 27an berriro bilduko dira, arratsaldeko 15:30ean Bainuetxeko atarian. “Borrokan jarraituko dugu lan baldintzak egonkortu eta gure eskubideak behingoz eta betiko bermatuta geratu arte” nabarmendu dute.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide