Albisteak
Arroabeko San Isidro kalearen erabilerari buruzko bigarren bozketa otsailaren 4an egingo da
— 2025-01-24Atzo arratsaldean Arroabeko herritarrek San Isidro kalea oinezkoentzako bihurtzeari buruzko lehen bozketa egin zuten. Udalak proposatutako hiru aukeretatik bik puntu kopuru bera lortu zuten. Horren ondorioz, otsailaren 4an bigarren bozketa egingo da berdinketa izan duten bi aukeren artean.
Lehen bozketaren emaitzak
Atzo emandako botoen artean, 57 boto eskuordetuak izan ziren, baina horietako bat baliogabea izan zen. Aukerek metatutako puntuazioa honakoa izan zen:
1. aukera: 320 puntu.
2. aukera: 320 puntu.
3. aukera: 218 puntu.
Bigarren bozketa
Otsailaren 4ko bigarren bozketa Elkargunean egingo da, 17:30etik 19:30era. Joan ezin dutenentzat Txaran bozkatzeko aukera izango dute, baina botoa emateko norberak bertaratu beharko du.
Ondorengoak dira berdinketa izan zuten bi aukerak eta beraz, hurrengo bozketako aukerak:
1. Piboteak auzoko festa egunetan eta egun berezietan jartzea errepidea itxiz.
2. Piboteak ordutegi konkretu batean jartzea errepidea itxiz: astelehenetik ostegunera 16:00-19:30 bitartean, eta ostiraletan 16:00etan jarri eta astelehenean goizeko 08:00etan kenduz, asteburu osoan errepidea itxita mantenduz.
Emaitza egunean bertan ezagutuko da; boto zenbaketa 19:30ean hasiko da, eta edozein herritarrek ikusi ahal izango du prozesua.
Lorea Ilundain eta Aitor Osa zinegotziek azaldu dutenez, hartuko den erabakia ez da behin betikoa izango. Epe ertainera baloratuko da ea aldaketak auzoari onurarik ekartzen dion, eta beharrezkoa izanez gero, erabakia aldatu ahal izango da.
Egin zaitez bazkide