Albisteak

‘Biolentzia kapitalistari aurre egin’ lelopean mobilizazioa deitu du Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistako zenbait kide (Argazkia: Urola Erdiko Kontseilu Sozialitako)

Azpeitian izango da hitzordua, arratsaldeko 19:00etan, plazatik abiatuta. Kontseiluko kideek ohartarazi dute “gero eta gordinagoa” dela biolentzia kapitalista eta horren aurrean, mobilizatzeko deia luzatu dute.

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak mobilizazioa deitu du hilaren 30erako Biolentzia kapitalistari aurre egin lelopean. Azpeitian izango da hitzordua, arratsaldeko 19:00etan eta, besteak beste, aurten “soldatapeko lanaren ondorioz izan diren 59 hilketak” salatuko dituzte. Horrez gain, “Euskal Herria zatitzen duen mugan bizia jokoan jarriz eraildako 7 migratzaileak eta biolentzia matxistaren ondorioz eraildako 5 emakumeak” ekarriko dituzte gogora.

Kontseilu Sozialistako kideek azaldu dute “ezkutuan pasatzen diren langileen aurkako biolentziak” ere salatu nahi dituztela: “Gero eta orokortuagoa den errealitatea da langileriak duen eros ahalmenaren murrizketa, eta honek dakarren oinarrizko beharrak zein edonolako zerbitzuak eskuratzeko ezintasuna. Gosea, hotza, etxegabetzea, ziurgabetasuna, umilazioa eta hauen ondoriozkoak diren gaixotasun fisiko eta mentalak gero eta ohikoagoak dira, estatuan eguneko 11 pertsonak bere buruaz beste egitera iristen dira”.

Burgesiak biolentzia ez duela “kapritxoz hautatu edo baztertzen” azaldu dute. Kontseiluko kideen esanetan, burgesia ezin daiteke erreforma bidez desagerrarazi: “Biolentzia dominazio sistemen barne osagaia da, estrukturala, krisi egoeretan gogortzen dena. “Ongizate estatuaren” amaierarekin batera amaitu da bake sozialaren amets europarra ere, eta horretarako prestatzen ari da burgesia bera. Jasaten ari garen orotariko penalaren aldaketek, kontrol sozialera bideratutako neurriek, Covid-19aren aitzakipean ezarri dizkiguten neurri totalitariek… horri erantzuten diete. Laburbilduz, estatua, gero eta forma autoritarioagoa hartzen ari da alderdi politiko guztien babesarekin”.

Kontseiluko kideek nabarmendu dute “gero eta gordinagoa” dela biolentzia kapitaslista eta ezinbestez, gero eta gehiago direla garai honi “amorruz eta haserrez” begiratzen diotenak: “Gero eta gehiago gara beldurraren, isolamenduaren, isiltasunaren eta otzantasunaren desertua utzi, eta salaketaren, elkartasunaren eta zapalduon antolakuntza propio eta independentearen bideari ekin diogunak. Bide horretan, pausu bat gehiago izango delakoan, dei egiten dugu abenduaren 30eko manifestazioan parte hartzera”.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide