Bizitzaren garestitzea
Urola Erdiko Kontseilu Sozialista— 2026-06-09Aste honetan ekingo diogu ikasturte honetako oinarrizko produktuen hirugarren bilketa handiari. Urteak dira lehenengo aldiz bilketa antolatu genuenetik, baina horrelako ekimenen beharrezkotasuna berretsi eta handitu besterik ez da egin denbora honetan zehar.
Ingurura begiratzen badugu, krisia, pobrezia, gerra eta miseria besterik ez dira ageri, eta, noski, horrekin batera langileon pobretzea. Duela hamarkada batzuetatik kapitalista handiek zailtasunak dituzte beraien etekinak handitzeko, eta ahaleginak eta bi egiten ari dira beraien gailentasuna mantentzeko eta indartzeko. Azkenaldian, gainera, handinahi horiek boterea mantentzeko gerrara garamatzate, muturreko inperialismoa baita haientzat aukerarik onena: mundu erdia suntsitu dute, eta beste erdia krisialdi betera daramate. Finean, gutxi batzuen interesak bermatzeko, betikoak gara, langileak, ondorioak ordaintzen ari garenak.
Gerra lehenengo pertsonan bizitzen ari diren langileei, beraien odola eta gorputza kostatzen ari zaie, eta zentzu horretan, beharrezkoa da inperialismoari eta haren gerrei ezetz esatea. Horretaz gain, baina, geurean ere antzematen ditugu gatazka horien ondorioak. Horren adibide dira oinarrizko produktuen, erregaien, etxebizitzaren … prezioen igoera nabarmena, baita langileon eros ahalmenaren galera ere. Bestela esanda, bizitzeko behar ditugun produktuen prezioek etengabe gora egiten duten bitartean, langileok horiek erosteko dugun gaitasuna beheraka doa, gure soldatak ez direlako maila berdinean igotzen. Adibidez, elikagaien prezioek 3 aldiz gehiago egin dute gora soldatek baino, oliba olioa %118 garestitu da, arroza %55, pasta %53… 2025-2026 urteetan %12ko igoera izan du etxebizitzaren prezioak, erregaien prezioak gora egin du…
Aipatutakoari gehitu behar zaio bultzatzen ari diren zerbitzu publikoen murrizketa eta kaskartzea. Krisia aitzakiatzat hartuta ari dira horretan, baina ez gaitzatela engainatu: herritarrok behar ditugun zerbitzuetan etengabeko murrizteak egiten dituzten bitartean, inbertsio militarra inoizko handiena baita. Eta hau guztia, gainera, gutxiengo kapitalisten interesak bermatzeko.
Argi dago gerrara garamatzatenek ez dutela egoera konponduko, edo hareago, haiengatik bada, gure egoerak okerrera baino ez duela egingo. Horregatik, beharrezkoa da langileok geure artean saretuz eta antolatuz egoera hau borrokatzea. Guztion ongizatera bidean, ezinbestekoa da mundua goitik behera aldatzea, horretara bidean, gure esku dago norabide horretan elkarren babesa artikulatzea eta aurrerapausoak ematea. Zentzu horretan antolatuko dugu oraingoan ere bilketa handia; izan ere, aintzat hartu behar dugu geroz eta jende gehiagok dituela zailtasunak hilabete amaierara iristeko eta beharrezkoa da horrelako egoerei elkartasunez erantzutea.
Aipatutako guztiagatik, dei egiten diogu herritar orori gure miseriaren erantzuleei aurre egitera, baita ekainaren 12, 13 eta 15ean egingo dugun bilketa handian ekarpena egitera ere.
Nola egin ekarpena?
– Ekainaren 12, 13 eta 15ean bilketa puntuetara hurbildu eta ekarpena eginez
(produktuak dohaintzan emanda edota ekarpen ekonomikoa eginda)
– Boluntario gisa arituz
– Hilabeteroko dohaintza emanez
Gurekin harremanetan jartzeko deitu 688 769 047
Egin zaitez bazkide
