Oldarraldiaren kontrako soka-dantza

Azaroaren 4ean euskalgintzak deitutako manifestazioa eginen da Bilbon, 17:00etatik aitzina, Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat lelopean. Manifestazio jendetsua izatea espero da eta bukaeran, bestelako esku-hartzeekin batera, soka-dantzan aritzera deituak gara bertan manifestatuko garen guztiak.

[dantza.eus-etik ateratako informazioa]

Euskararen komunitatea eskuz esku irudikatua

Soka-dantza gehien dantzatutako generoetako bat da. Elkarri eskuak emanez soka osatu eta talde-lanaren irudikapen soila bezain indartsua eskaintzen du sokan egiten den dantza honek. Sinbolismo horren kontzientziak ekarri du euskal gizartearen historian une berezi eta erabakigarrietan esku-dantzaren errituala baliatu izana. Horren adibide, esaterako, azken urteotan, martxoaren 8ko aldarrikapen egunaren baitan, Euskal Herriko hamaika herri eta txokotan hedatu diren soka-dantza kantatuak.

Soka-dantza edo irradaka erritual kolektiboa da, taldean egiten dena, sokan, soka-dantzan, eskuak elkarri emanda eta soka horrekin auzoak, herriak, komunitateak irudikatu eta elkar-lotzen dira.

Hartara, Bilboko manifestazioaren ondoko ekitaldian eskuz esku, dantzan eta kantuan, euskararen komunitatea irudikatzera eta aldarrikatzera deituak gara, azaroaren 4ean.

Hainbat soka

Bilboko udaletxe aurreko eskailerapean lehen soka sortuko dute, manifestazioko deitzaileek eta hango eta hemengo hainbat dantzarik. Horrez gain, beste hainbat soka sortuko ditugu manifestari saldoaren artean, bat, bi, hiru… ahal bezain beste. Beste hainbat dantza taldeetako kideek bertaratutako lagunak dantzara gonbidatuko dituzte, baina edozein kuadrillak edo lagun taldek sortu ahal izanen du bere soka-dantza propioa. Hori egin ahal izateko, Duguna dantza taldeko dantzariek soka-dantzaren nondik norakoak azaldu dizkigute bideo pare honetan:




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide