EAJ-PNVk Zestoako HAPOa zuzentzeko eta Osinbeltzen zabortegia jartzeko aukera behin betiko baztertzeko eskatu dio EH Bilduri

Jeltzaleek salatu dute EH Bilduk sustatutako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak (HAPO) zabortegiak ezartzeko eta hondakinak metatzeko aukera ahalbidetzen jarraitzen duela hirigintza-araudiaren ikuspegitik, nahiz eta aukera horrek Zestoan gaitzespen handia eragin zuen.
EAJ-PNVk alegazio formala aurkeztu dio dagoeneko HAPOri, Osinbeltzeko zabortegiaren proiektua berriz mahai gainean jartzea ahalbidetu lezakeen edozein zirrikitu juridiko edo arau-aukera ezabatzeko eskatzeko.

Zestoako EAJ-PNVk erabateko aurkakotasuna adierazi dio Osinbeltzeko harrobian etorkizunean zabortegi bat ezartzeko edo eremu hori hondakinak metatzeko erabiltzeko aukerari. Jeltzaleek salatu dute EH Bilduren udal-gobernua izapidetzen ari den Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak (HAPO) aukera hori zabalik uzten duela oraindik ere. Hori dela eta, alegazio bat aurkeztu dute, aukera hori behin betiko ezabatzea eskatzeko.

EAJ-PNVren iritziz, bereziki larria da Osinbeltzen inguruan gertatutako guztiaren ondoren, eta EH Bilduk 2014an sustatutako zabortegi-proiektuak herritarren artean eragin zuen gaitzespen zabalaren ostean, udal-gobernuak aukera hori behin betiko baztertzen ez duen hirigintza-plangintza berri bat izapidetu izana.

«Badirudi EH Bilduk herritarrek baztertu zuten zabortegi-proiektu haren nostalgian murgilduta jarraitzen duela. Garai hura behin betiko atzean uzteko aukera izan dute, baina, hala ere, zabortegiak ezartzea eta hondakinak metatzea ahalbidetzen jarraitzen duen HAPO bat eraman dute izapidetze-fasera. Ez da garrantzi txikiko kontua. Zestoaren etorkizunerako berebiziko garrantzia duen erabakia da», salatu dute EAJ-PNVtik.

EH Bilduren HAPOk zabortegiak ezartzeko aukera zabalik uzten jarraitzen du

Jeltzaleek ohartarazi dute gaur egun izapidetzen ari den HAPO berriaren dokumentuak espresuki jasotzen dituela, 36.7 artikuluan, «hondakindegi, zabortegi eta hondakin solidoak tratatzeko eremuei» dagozkien erabilerak, hondakinak kudeatzeko instalazio eta biltegi mota desberdinak barne.

Gainera, Plan Orokorrak jasotzen dituen hirigintza-erabileren arabera, mota horretako jarduerak baimendu ahal izango lirateke lurzoru urbanizaezinaren zenbait kategoriatan. EAJ-PNVrentzat bereziki kezkagarria da, Osinbeltzeko harrobi zaharra lehengoratu eta Ertxiña mendiko paisaia naturalean txertatzeko asmoa jendaurrean azaltzen den bitartean, hirigintza-araudiak ez ezartzea eremu hori hondakinak metatzeko erabiltzea espresuki debekatuko duen xedapenik.

«Ez da nahikoa paisaia lehengoratzeaz hitz egitea, aldi berean zabortegiekin lotutako erabilerak ahalbidetzen dituen araudia indarrean mantentzen bada. Garrantzitsuena ez dira EH Bilduk jendaurrean adieraz ditzakeen asmoak, baizik eta izapidetzen ari den hirigintza-dokumentuak benetan zer ahalbidetzen duen. Eta, gaur-gaurkoz, dokumentu horrek ez ditu Zestoak behar dituen bermeak eskaintzen», adierazi dute.

Jeltzaleek gogorarazi dute, halaber, plangintzaren beraren ingurumen-dokumentazioak Osinbeltzeko eremua lurpeko uren kutsadurarekiko bulneragarritasun oso handiko eremu gisa identifikatzen duela. EAJ-PNVren iritziz, inguruabar horrek are gehiago indartzen du eremu hori hondakinak isurtzeko erabiltzeko edozein aukera baztertzeko beharra.

Osinbeltzen, zabortegirik ez: ez orain, ez etorkizunean

EAJ-PNVren ustez, udal-gobernuak azalpen argiak eman behar ditu, Osinbeltzeko aurrekariak kontuan hartuta, zergatik ez duen HAPO berriaren lanketa baliatu zabortegiak ezartzea espresuki debekatzeko.

«Galdera oso erraza da: EH Bilduk Osinbeltzen zabortegirik nahi ez duela ziurtatzen badu, zergatik ari da izapidetzen aukera hori espresuki debekatzen ez duen Plan Orokor bat? Zergatik uzten du zabalik behin betiko baztertuta egon beharko lukeen aukera bat?», galdetu dute.

EAJ-PNVren iritziz, Zestoak ezin du iraganeko ziurgabetasunera itzultzea onartu, ezta halako garrantzia duen auzi bat hirigintza-araudiaren interpretazioen edo etorkizunean har litezkeen erabakien mende utzi ere. «Herritarrek argi eta garbi adierazi zuten beren jarrera. Ez dugu nahi Osinbeltz berriz ere Zestoarentzat arazo bihurtzerik. EH Bilduk behin betiko baztertu behar du proiektu harekiko edozein nostalgia, eta egitateekin erakutsi behar du, HAPO aldatuz», gaineratu dute.

Egoera horren aurrean, Zestoako EAJ-PNVk urrats bat egin du aurrera, eta alegazio formala aurkeztu dio HAPOri. Alegazio horren bidez, udalerriko lurzoru mota guztietan zabortegiak ezartzea espresuki debekatzeko xedapena plangintzan bertan jasotzea eskatu du. Jeltzaleen eskaeraren helburua da aukera hori arauzko salbuespenen bidez zabalik mantentzea eragoztea, baita etorkizunean plan berezien edo plangintzaren aldaketa puntualen bitartez ahalbidetzea saihestea ere.

«Gure jarrera argia eta zalantzarik gabea da: Osinbeltzen, zabortegirik ez. Ez orain, ez etorkizunean. Berme hori HAPOn modu argi eta espresoan jasota geratzea nahi dugu, anbiguotasunik eta atzeko aterik gabe», azpimarratu dute. Horregatik, EAJ-PNVk EH Bilduri eskatu dio aurkeztutako alegazioa onartzeko, hirigintza-araudia zuzentzeko eta Osinbeltz zabortegi edo hondakin-biltegi gisa erabiltzeko aukera behin betiko baztertzeko.

Eskaera formala urriaren 2an erregistratu zen. Hiru aste geroago, ordea, gaia ez zen Hirigintza Batzordearen gai-zerrendan sartu, eta azaroaren 10ean lantzeko eskatu zen. «EH Bilduk ez du gai honetaz hitz egin nahi, edo deseroso sentitzen da. Orain dute aukera benetan posizio berria duten ala iraganeko proiektu bati lotuta jarraitzen duten erakusteko. EAJ-PNVtik ez dugu onartuko Osinbeltzen zabortegi bat ezartzeko aukera zabalik uztea, ezta paperean soilik bada ere. Zestoak bermeak merezi ditu, ez anbiguotasunak. Eta berme horiek Plan Orokorrean idatzita geratu behar dute», amaitu dute.

Zestoa, 2026ko azaroak 12




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide