Albisteak

[ARGAZKIAK] Etxebizitza eskubidearen alde mobilizatu dira dozenaka eta dozenaka herritar

Goizean goiz piketeekin hasi da greba eguna herrian. Arratsaldean herriko kaleak zeharkatu dituzte etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazio jendetsuan

Azaroaren 11 da gaur, greba eguna etxebizitza eskubidea bermatzea eskatzeko, eta goizean goizetik eragina nabaria izan da Zestoan ere. Jende ugarik bat egin du protesta deialdiarekin eta langile askok eta askok uko egin diote lanera joateari. Halaber, herriko establezimendu gehienek pertsiana botata izan dute gaur. Goizean, hainbat herritarrek herrigunea nahiz industrialdea zeharkatu dituzte piketeak eginez.

Arratsaldean, berriz, manifestazioaren txanda izan da herrian, eta dozenaka eta dozenaka lagun atera dira kalera mobilizatzera. Plazatik abiatuta, Etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulazioari ez! Espekulatzaileak espropiatu, espekulazioa debekatu, etxebizitza beharrizanen arabera antolatu zioen pankartaren atzean herria zeharkatu dute, atzera plazan amaitzeko. Greba orokorra iragartzen zuten oihuak, espekulazioaren aurkakoak eta etxebizitza eskubidearen aldekoak entzun dira kaleetan. Behin plazan, grebaren aldarriak ozen adierazteko hitzartzea egin dute, eta txalo zaparrada batekin amaitu da ekitaldia.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide