Urria 2026
— 2026-10-29Irakurri 286. zenbakia hemen.

Mendizaletasuna eta ingurumenarekiko kontzientzia uztartuz, proposamen didaktiko berri bat jarri du abian aurten Agiro mendi klubak: mendiaren barrunbeetan barneratzeko irteerak. Espeleologian aditu baten gidaritzapean eta geologo baten parte hartzearekin egiten dituzte ibilaldiak, lur gainean egiten dugunak lur azpian zer eragin duen ezagutzeko.
Dagoeneko lau irteera egin dituzte. Horietako bat emakumeei zuzendutakoa izan da, eta beste bat Gaztetxearekin elkarlanean antolatu dute. Ingurumenaren zaintzarekiko kontzientzia eta sentsibilizazioa lantzeaz gain, mendizaletasuna sustatzea dute helburu.
Proposamena herriko beste talde eta eragileengana ere zabaldu nahi dute. Horregatik, antzeko ekintzaren bat elkarlanean antolatzeko interesa dutenei Agirorekin harremanetan jartzeko gonbidapena egin diete.
Gaur ekingo diote Mendi Asteari
Gaur, azaroak 10, hasiko da Agirok antolatutako Mendi Astea. Igandera bitartean, bi ikus-entzunezko saio, mendi irteera bat eta BTT zeharkaldi bat izango dira.
Lehen hitzordua izango da , 18:30ean Alonderon. Mikel Irurek Denali, McKinley (Alaska), orain dela 32 urte ikus-entzunezkoa eskainiko du. Ostiralean, hilaren 13an, berriz, Agiroko kideek 3.000 ibones aurkeztuko dute, ordu eta leku berean.
Asteburuan, mendira ateratzeko txanda izango da. Larunbatean, hilaren 14an, Mendikute tontorra eta gaztelua ezagutzeko irteera egingo dute, 08:30ean Gurutzetatik abiatuta. Igandean, hilaren 15ean, Rubio-Iraolagoitiaren omenezko BTT zeharkaldia egingo dute; irteera 09:00etan izango da, Gurutzetatik.
Datorren urteari begira herritarren parte hartzea sustatu nahi dute
Mendi Astea igarota, eta federazio lizentziak berritzeko garaia gerturatzearekin batera, 2027ko irteeren egutegia prestatzen hasiko dira. Plangintza osatzeko, parte hartu nahi duten herritarrei deia egingo diete, proposamenak egin eta hurrengo urteko jardueren antolaketan parte hartzeko aukera izan dezaten.
Agiroko kideek gazteak klubera gerturatzeko nahia eta gogoa ere azaldu dute. Herritar berrien parte hartzearekin eta herriko eragileekin elkarlanean, mendizaletasuna bultzatzen eta taldearen jarduerak osatzen jarraitu nahi dute.