Albisteak

[ELKARRIZKETA] Jokin Igarataundi: «Etxebizitzaren negozio izaerak egoera tamalgarria utzi digu Zestoan ere»

Azaroaren 11rako, asteazkenerako, etxebizitzaren auziaren harira greba orokorra deitu dute Euskal Herriko gehiengo sindikalak eta etxebizitza-sindikatuek. Grebaren arrazoiak, aldarrikapen nagusiak eta Zestoako etxebizitzaren egoera izan ditugu hizpide Jokin Igarataundi Kontseilu Sozialistako kidearekin.

Zestoan ere hainbat mobilizazio antolatu dituzte greba egunerako. Goizeko 08:00etan plazan elkartuko dira piketeak egiteko, eta hamaiketakoaren ondoren, 10:30ean Gurutzetik Donostiara abiatuko dira, 12:30ean Pio XII.etik hasiko den manifestazioan parte hartzeko. Arratsaldean, berriz, Zestoan egingo dute manifestazioa, 18:00etan plazatik abiatuta. Grebaren prestaketekin jarraitzeko, gaur, astelehena, 19:00etan bilera egingo dute Alonderon.

Zerk bultzatuta egin duzue dei greba orokorrera?

Urteak daramatzagu etxebizitzaren problematika lantzen. Etxebizitzaren prezioen gorakada paper berezia betetzen ari da salatzen dugun bizitzaren garestitzean eta langileriaren pobretze prozesuan. Krisi garaian kapitalistentzat negozio aukera errentagarria da etxebizitzaren negozioa, eta poltsiko asko daude etxebizitzaren kontura aberasateko zain: lur-jabeak, promotoreak, eraikuntza enpresak, enpresa higiezinak, bankuak, errentista eta espekulatzaile pribatuak, putre funtsak… Benetan etxebizitza beharrak asetzeko ekarpenik egiten ez duten agente hauek guztiak aberastu beharra da etxebizitzaren garestitzearen arrazoi nagusia. Bizi dugun etxebizitza krisiak garbi utzi du gure ustez langileriaren etxebizitza eskubidea bermatzea ez dela bateragarria etxebizitzaren negozio izaerarekin.

Zer aldarrikatzen duzue?

Esan bezala, gure iritziz etxebizitzak daukan merkantzia izaera da bizi dugun etxebizitzaren arazoaren funtsa, eta beraz izaera hau deuseztatu beharra dago. Hau da, etxeek jendea bizitzeko izan behar dute ez negozioa egiteko. Etxebizitzak bermatuta dagoen oinarrizko beharrizan bat izan behar du, unibertsala, egonkorra, kalitatezkoa eta eskuragarria. Hori lortzeko 3 aldarriren baitan deitu dugu greba orokorra:

1. Espekulatzaileen etxebizitzak desjabetzea: Putre funtsen etxebizitzak, etxebizitza turistikoak, inmobiliarienak, errentista handienak… inongo konpentsazio ekonomikorik gabe desjabetzea. Baita bankuen hipotekak bertan bera lagatzea ere.

2. Espekulazioa debekatzea, hau da, salerosketetan irabazia debekatzea, alokairua debekatzea, lurren errenta debekatzea… finean etxebizitzarekin edozein modutara negozioa egitea debekatzea. Etxebizitzak erabiltzeko izan behar dute eta ezingo da beraiekin negoziorik egin inongo modutara.

3. Etxebizitza langileon beharren arabera antolatzea: Lehenik eta behin, desjabetutako etxe guzti horiek banaketaz ari gara eta bigarrenik aurrerantzean emango den eraikuntza jardueraz. Gaur egungo etxebizitzaren arazoaren funtsa, etxe huts kopurua kontuan hartuz, etxe falta ez den arren, ez dugu ukatzen etxebizitza berriak egin beharraren aukera, eta batez ere eraikita daudenen

mantenua eta berritze lanen beharra. Eraikuntza lan horiek ordea merkatuaren logikatik at egin beharko lirateke eta negozioaren irizpidea jarraitu beharrean pertsonen beharren kriterioa jarraitu beharko lukete, lehenik eta behin pertsona guztiek bizitzeko kalitatezko etxebizitza bermatuta dutela ziurtatuz eta hortik aurrera etxebizitzaren bestelako erabilera errekreatiboak aztertuz, oporretarako etxeen aukerak etb.

Grebarekin zer lortzea espero duzue?

Kontziente gara neurri hauek ez direla egingarriak gaur egungo marko juridikoaren baitan. Horrek esan nahi du hau posible egiteko bide bakarra langile klasearenantolakuntzak egungo marko juridikoa gainditzea dela. Gure ustez langile klasearen antolakuntza eta mobilizazioak soilik ekar dezake etxebizitzaren arazoa behin betiko gainditzea ahalbidetuko duen etxebizitza sistema berria. Horrek ez du esan nahi uko egiten diogunik etxebizitzaren arloan langilegoarentzat hobekuntza partzialak lortzeari, baino gure ustez hobekuntza horiek ere langileriaren antolakuntza eta mobilizazioari esker lortuko dira. Hau garbi ikusi da estatu mailako politikan gertatutakoarekin, etxebizitza mugimenduaren kale mobilizazioak alderdien posizioak aldarazi dituelarik.

Gure iritziz greba orokor honek langileriaren antolakuntza, kontzientziazio eta mobilizazioari ekarpen handia egin diezaioke, batzuek greba honi eman nahi dioten izaera elektoralistatik aldentzen bada. Horretarako ari gara lanean.

Nola ikusten duzue egoera Zestoan?

Etxebizitzaren negozio izaerak egoera tamalgarria utzi digu Zestoan ere. Metro karratuaren prezioa 2.000€ inguruan dabil, herriguneko pisu eta apartamentuei dagokionean 3.000€ak gainditzen dituelarik. Zestoako gazteen %35ak soilik lortu du emantzipatzea eta azken azterketen arabera gazte eta familia zaurgarrienen artean etxebizitzagatik Zestoatik alde egiteko tendentzia agertzen hasi da, 10 etxetik 1ek hutsa jarraitzen duen bitartean. Gainera, etxebizitzaren izaera pribatuak gure herriko paisaian bertan eragin latza izan du. Arozena bezala desaprobetxatuta eta erortzen geratu diren eraikin historikoak eta erdi eraikita geratutako erakin mamuak tarteko.

Alderdien proposamenei dagokionez, EAJren kasuan garbi geratu da ez daukala inongo proposamenik negozioa hauspotzen jarraitzeaz haratago. EH Bilduren kasuan ari da mugitzen eta hainbat neurri mahai gainean jartzen: Zestoa eremu tentsionatu izendatzea lortu du. Honi esker alokairuari tope bat ezartzeko aukera duen arren, tope horrek oso altua izaten jarraitzen du eta ezin dugu ahaztu aldi baterako neurri batetaz ari garela.

Bajo komertzialak etxebizitza bihurtzeko aukera jarri du mahai gainean. Gure ustez neurri honek bere arriskuak ditu, kalitate estandarrei dagokienez lehen onargarriak ez ziren etxebizitzak onargarri egiteari ateak irekitzen baitizkio. Ziurrenik alokairu sozialaren proposamena da Zestoako EH Bilduren proposamen interesgarrienetakoa, baino gure ustez arazoa da EH Bilduk alokairu sozialak eta etxebizitza publikoak merkatu pribatuaren konplementu moduan ulertzen dituela. Oraindik merkatuan etxebizitza eskuratu ezin duten gazteentzako aldi baterako neurri moduan edo familia zaurgarrienei bideratutako neurri moduan. Honek gure ustez bi mailako herritarrak dauden errealitate bat sortzeko arriskua dakar, non klase ertain-altuak merkatu pribatuaren bidez kalitate maila bateko etxebizitzak lortzen dituen eta proletalgoa, familia zaurgarrienak eta gazte prekarioak kalitate maila baxuagoko etxebizitzetan geratzen diren etxebizitza sistema publikoaren baitan.

Kontziente gara Zestoako Udalak ez dituela etxebizitzaren arazoari behin betiko aterabide bat emateko bitartekoak, baino horrexegatik iruditzen zaigu beharrezkoa instituzio publikoen mugak azaleratu eta kale mobilizazioaren eta langile antolakuntzaren beharra aldarrikatzea.

Herrian hainbat asanblada egin dituzue greba antolatzeko. Nolakoa izan da herritarren erantzuna?

Oso ona. Zestoako gazte belaunaldiei zuzenean asko eragiten dien problematika batetaz ari gara eta hori nabari da. Gainera etxebizitzaren inguruan ireki den mobilizazio ziklo berriak sortutako ilusioak, jendea apatia eta konformismotik zertxobait atera duela dirudi. Duela ez asko oso arrotzak gerta zitezkeen proposamen eta aldarriak bere egiten ari da jendea eta hori poztekoa da. Gure borondatea greba honetarako antolatu den jendearekin antolatzen jarraitu eta benetako lorpenak ekarri ditzakeen antolakuntza eta mobilizazioan sakontzea da. Bide horretan greba egunera begira eta gerora ere antolatu eta mobilizatzen jarraitzeko deia luzatzen bukatu nahiko nuke, esan bezala hori izango baita benetan etxebizitzaren arazoari behin betiko aterabidea eman eta bide horretan benetako aurrerapausoak posible egin ditzakeen aukera bakarra.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide